Arteshop Bilbao programaren 8. edizioa abiarazi du gaur goizean egin den aurkezpen-ekitaldian. Programaren helburua hiriko merkataritza-jarduera dinamizatzea da, eta, horretarako, erosketak egitea aberastuko duen ikuspegi artistiko bat gehitu diote. Hori lortzeko, hiriko hainbat auzotan dauden 75 saltokik beren erakusleihoak lagako dituzte EHUko Arte Ederren Fakultateko beste 75 ikaslek sortutako artelanak ikusgai jartzeko.
Ekimenean parte hartzen duten ikasleak apiriletik ari dira saltokiekin lan egiten, artelana ikusgai jarriko den saltokiaren filosofiarekin bat datorren obra bat diseinatzeko eta ekoizteko. Gaurtik aurrera, ekainak 4, eta ekainaren 17ra arte, parte hartuko duten 75 saltokiek esleitutako artelana erakusleihoan izango dute ikusgai.
Arteshop Bilbaon parte hartuko duten ikasleek Bilbao Arte Fundazioko 10 artistaren tutoretzapean garatu dituzte lanak. Gainera, artistek ere beren artelanak jarriko dituzte ikusgai Erriberako Merkatuan eta Bilbao Bizkaia Turismo Bulegoan.
Aurtengo edizioan, Arteshop Bilbaok hiriko saltokien babes beroa jaso du. Bilbao Ekintza arduratu da 75 establezimendu parte-hartzaileak aukeratzeaz, izena ematen lehenak izan diren eta oinarrietan ezarritako irizpideak betetzen dituzten guztien artean. Bestalde, Arte Ederretako ikasleen artean ere ekimenarekiko interesa hedatu da, guztira, parte hartzeko 107 eskabide aurkeztu baitziren.
Horrez gain, hiriko artistek lehiaketan inplikatu nahi eta Bilbao Arte Fundazioan 26 eskabide erregistratu dituzte, 10 tutoreetako / artistetako bat izateko. Bilbao Ekintzak, berriz, 400 euroko diru-laguntza eskaintzen die ikasleei eta 600 eurokoa artistei, proiektu artistikoak ekoizteko eta garatzeko kontzeptu gisa.