Klasikoen Irakurraldi Jarraituan Txomin Agirreren 'Kresala' irakurriko dute

uriola.eus 2018ko eka. 5a, 10:21

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamaikagarren edizioak bizkaieraren garrantzia azpimarratu eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak ospatu nahi ditu Txomin Agirreren Kresala obrarekin.

Ekimena Arriaga Antzokian izango da ekainaren 7an, osteguna, eta Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da. Arriagako Plazan egingo den erromeria batekin burutuko da eguna, iluntze partean. Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dute ekitaldia.

Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleok Klasikoen irakurketa jarraitua antolatu dute hamaikagarrenez, ikasturteari amaiera emateko. Hamabi ordu jarraian, 400 bat lagun txandatuko dira Txomin Agirreren obra irakurtzen. Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeako pantaila batean eta EITB-ren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Bere aldetik, Azkuna Zentroak Kulturen Atarian jarriko du pantaila bat eta zuzeneko konexoak egingo ditu tarteka.

Irakurraldia goizeko 08:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00etan bukatuko da. Kirmen Uribek irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, irakurraldiari hasiera ematen. Ohikoa denez, Euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu Kresalaren pasarteak jendaurrean. Tarteka, munduan zeharreko Euskal Etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak proiektatuko dira.

Klasikoen irakurraldiari jai giroko bukaera eskaini nahian, musika eta dantza emanaldia izango da Arriaga Antzokiaren parean, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean. Jai honekin euskarazko ikasle guzti-guztiei omenalditxo bat egin nahi zaie baita klasikoak ezagutarazi ere. Horretarako, Bilbo Zaharra Euskaltegiak prestatu ditu Kresalaren inguruko unitate didaktiko batzuk, ikastetxe, ikastola, euskaltegi eta abarretan erabiltzeko eta lantzeko.

Bestalde, Alde Zaharreko eta Abandoko Metro Geltokietan aurreko edizioei buruzko argazkiz eta kartelez osatutako erakusketa ikusgai dago egunotan. Urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumek Arriagan irakurriko den eleberriaren inguruko hitzaldi-sorta batzuk antolatu ditu. Lehenengoa otsailean egin zen. Hurrengo egunetan, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe arituko dira. Bilbo Zaharra Forum Euskaltzaindian (Plaza Berria), 19:00etan:

Ekainak 4, astelehena

Itxaro Borda: “Atzoko eta gaurko kresalak

Ekainak 5, asteartea

Koldo Izagirre: “Arranondotik Trintxerpera Galizian barrena”  
Harkaitz Cano: “Kresalaren haritik, gaurkotasun apunteak

Ekainak 6, asteazkena

Kirmen Uribe: “Haurtzarominak Agirreri”