Arte Eder Museoko antxinako eraikina itxi dabe, zaharbarritzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko eka. 5a, 12:00

Bilboko Arte Eder Museoak itxura barria agertu nahi dau urriaren 5ean, 110 urte beteko dituan egunean. Ganera, udan museoa zabalik egongo da egunero.

Horregaitik, erabarritze museografikoari ekin deutsie eta prozesu horren eraginik bistakoena aste honetan hasi da: Eraikinaren parterik zaharrena zarratu egin dabe obrak egiteko eta ezin izango da bisitau urrira arte.

Museoko arduradunek azaldu dabenez, bagilaren 4tik urriaren 5era eraikin zaharra egongo da zarratuta. Irailaren 18tik urriaren 5era, museoa osorik egongo da itxita. Hortaz, museo zaharbarritua 110. urteurrenaren egunean bertan zabalduko dabe barriro.

Beste alde batetik, Arte Eder Museoak iragarri dau udako ordutegia martxan ipini dauela. Horregaitik, hurrengo hileetan egunero-egunero zabalduko dabe, baita martitzenetan be. Asteko egun horretan zarratuta egoten da, baina udako sasoian salbuespena egingo dabe, bisitari gehiago itxaroten dituelako.

Museoaren urteurrenaren harira antolatutako 110 urte, 110 artelan erakusketea ikusgai izango dabe udan bertaratzen diran bisitariek, baita bideosorkuntza bi be, Lorategi amaigabea. Jeronimo Bosch dela-eta eta BELTZA eta Argia izenekoak.

Ganera, Iberdrola-Bilboko Arte Eder Museoa 2018/2019 beken programan izena emoteko epea edegi dabe egunotan. Aitatutako beken helburua da konserbazinoan eta zaharbarritzean dabizan ikasleen prestakuntzea osotzea, euren ezagutzea eta gaitasunak modu praktikoan garatuaz. 

Plaza bi dagoz deialdian. Bekadunak hamar hilez artelanakaz kontaktuan egongo dira, eta zuzen-zuzenean ezagutuko ditue, maila profesionalik gorenean, museoko Konserbazino eta Zaharbarritze Sailaren askotariko analisi eta metodologiak. Hautagaitzak jasoteko epea bagilaren 12an amaituko da.