Calixto Bieito Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak eta Nekane Alonso Arriaga Antzokiaren presidente efektibo eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak, Arriaga Antzokiak 2018-2019 denboraldian, 2018ko abuztutik 2019ko ekainera bitartean, biak barne, eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri eman dute gaur goizean prentsaurrekoan.
Programazioa oso anitza izango da, elkarren artean oso desberdinak diren eta, ondorioz, gustu guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dauden ikuskizunez osatutakoa. Aberastasun horren ondorioz, Arriagara hurbildu nahi dutenek musika-emanaldiez, antzerkiaz, kontzertuez, dantzez, operaz eta lirikaz, zirkuaz, zartzuelaz edo kantata batez gozatu ahalko dute. Denetik, finean. Horrela, Arriagako agertokitik, sentimenak piztea bilatuko duten artistak eta oso proposamen sortzaileak igaroko dira.
Ekoizpen propioa
Arriaga Antzokiak ikuskizunen ekoizpen lan garrantzitsua ere egingo du beste urte batez. Antzerkiaren arloan, Arriagak gero eta garrantzi gehiago hartzen ari diren euskal zuzendari birengan jarri du konfiantza bere ekoizpen lan propioei forma emateko. Ordena kronologikoan, Arriagaren zigilua eramango duen lehenengo lana Garai zekenak-Tiempos mezquinos izango da, eta Raúl Cancelok zuzenduko du.
Baina, denboraldiko antzerki ekoizpen handia, Macbeth izango da, Shakespeareren eta literaturaren historiako klasikoa. Arriaga Antzokiak datorren urteko otsailaren 7tik 17ra eramango du eszenara, Alex Gerediaga zuzendariaren eskutik. Gerediagak eta bere taldeak tragedia aztoragarri eta odoltsu honen erronka hartu dute; bertan kontatzen denari leial izatea bilatzen dute, baina eszenako eta zineko kodeak erlazionatzean oinarritutako euren ohiko sorkuntza lana baztertu barik. Arriaga antzokiko ekoizpen lan berri hau gaztelaniaz (4 emanaldi) eta euskaraz (5 emanaldi) aurkeztuko da.
Horrez gain, Arriagak estatu mailan egiten ari den hoberena eskainiko du antzerki programazioaren barruan, ikasturte hasieratik artista bikainak ekarriko dituen lehen mailako eskaintza osatuz. Izan ere, Concha Velasco eta Antonio Resines ikusiko ditugu El funeral lanean (irailaren 12tik 16ra) edo Nacho Novok Yllana konpainiarentzat egin duen Ben Hur lanaren bertsioaz gozatuko dugu (irailaren 26tik 30era). 2018ko urte hau amaitu aurretik, ikus-entzuleek Josep María Pou ikusi ahal izango dute Moby Dicklanean (urriaren 11tik 14ra), Sergio Peris-Menchetak zuzenduta Pepe Lorente eta Victor Clavijo Lehman Trilogy izenekoan (urriaren 20an eta 21ean), edo José Luis Gómez birritan, Teatro de la Abadíaren bi ekoizpen lanetan, lehenengo Azañaantzeztuz (azaroaren 8an) eta ondoren Unamuno (azaroaren 10ean eta 11n). Urtea amaitu aurretik gurera etorriko dira, baita ere, Juan Echanove eta Ricardo Gómez Rojo lanarekin (azaroaren 22tik 25era), Alex Rigolak zuzenduta Israel Elejalde eta Irene Escolar Un enemigo del pueblo lanean (azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean), La joven compañía Playoff emanaldiarekin (abenduaren 12tik 14ra), eta Alberto San Juan berak egindako Mundo obrero lana zuzenduz eta interpretatuz (abenduaren 20tik 22ra).
Foyer espazioa
Arriaga Antzokiko foyerrak ikuskizunak jasotzen jarraituko du, gertuagoko giro intimistagoan. Aipatutako “Euskal Musika Zikloaz”aparte, ingurune horretan, beste urte batez, Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako “Literatura eta Musika Euskaraz” programa eskainiko da.
Datorren denboraldian lau ikuskizun izango ditu, hauek, hain zuzen ere: Maddi Oihenart eta Jérémie Garat (urriaren 16an), Jabier Muguruza (2019ko otsailaren 25ean), Harkaitz Cano eta Maite Larburu(martxoaren 11n) eta Miren Agur Meabe eta Eraul (maiatzaren 13an).