Horri helduta, helduentzako obra bi taularatuko dira, euskaraz bata, gazteleraz bestea, eta gestuzko antzerki obra bat ere, ikusle gazteentzat. Batzordeak berak abian jarritako komite batek hautatu ditu taularatuko diren hiru lanak, alegia, Erre Produkzioak, Txalo Produkzioak eta Markeliñe taldeen zigilupean.
Ekainaren 8an, ostirala, Erre Produkzioak taldearen El Chefantzezlanak erakustaldia zabalduko du, 20etatik aurrera. Estreinu hutsa dugu. David Caiñaren testuarekin, Gorka Mínguezen zuzendaritzapean eta euskal aktore eta sortzaileak berak protagonizatua, El Chef zaporeak, usainak eta testurak uztartzen dituen “goi sukaldaritzaren ikastaro teatralizatua” dugu, non frustrazioak, oroimenak eta akaso inoiz bete ez ziren desioak tartekatzen diren. Sukalkien artista hau prest agertzen zaigu jakinduria ezezik etsipen, teknika, trikimailu edo eta ilusioak elkarbanatzera, gure daztamena, usaimena zein dramaren zentzua sustatuz.
Hurrengo egunean, larunbata ekainak 9 eta ordu berean, euskarazko antzezlana oholtzaratuko zaigu, Txalo Produkzioak gipuzkoar ekoiz-taldearen eskutik. Etxeko saltsak (Relativity speaking jatorrizkoan) endreduzko komedia bat da, korapilatsua. Ikusleek pertsonaiek baino informazio gehiago dute eta aktoreak gaizki-ulertuen etengabeko kate dibertigarrian dantzan. Egilea, Alan Ayckbourn antzerkigile eta zuzendari ingeles ezaguna da. Greg eta Ginny etxe berean bizi dira. Maitaleak dira eta bizimodu zoriontsuan, ustez, sekreturen bat baitago tartean, isil-gordean. Ginnyk gurasoen landetxera, bixita egitera doala esango dio, baina gezurretan ari da. Izan ere, Philip, bere maitale sekretuarengana doa, harreman sekretua bertan behera utzi behar dutela esateko asmoz…. Berez, Begoña Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapeko bertsioa dugu, zeinean Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Aitor Fernandino aktore-taldea taularatzen zaigun.
Antzerkialdiaren itxiera egokituko zaio Markeliñe taldearen Euria lanari, ekainaren 10ean, igandea, arratsaldeko 19etan. Gestuzko antzerkia, familia eta haurrentzako ikuskizuna dugu (+ 6 urte). Obrak norbait gure bizitzatik ezustean aldentzen denean gertatzen denari buruz hitzegiten du, alegia, hutsuneak gailentzeko erronkari buruz. Osagai bereziak ditu, ondorioz: euriaren ur tantak, aterkin gorrixka bat, tresna kaxa bat eta malkoz beteriko kajoiak. FETEN Saria Ikuskizun onenari 2017an, Markeliñe talde zornotzarrak elkarlanean egindako proposamena dugu. Taulen gainean Fernando Barado, Itziar Fragua eta Natalia García.