Dena prest Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko dituen giza katerako

uriola.eus 2018ko eka. 8a, 13:49

Dagoeneko 84.000 herritar baino gehiagok eman dute izena eta helburua beteko dutela adierazi dute antolatzaileek. Bilbon 13 km izango dira guztira, eta auzo guztiek beraien kilometroa edukiko dute. Izen ematea azkenengo unera arte irekita egongo da.

Gutxienez 100.000 lagun behar dira katea etenik gabe osatzeko, baina erronka harago doala adierazi dute antolatzaileek: "Esku artean ditugun datuekin argi dugu igandeko mobilizazioa benetan historikoa izango dela". Zapiak lepoan jarri eta elkarri eskua emateko, mobilizazioan parte hartzera dei egin du Gure Esku Dagok Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Karmele Olabarrieta, Jone Amonarriz, Alex Zenarruzabeitia eta Andoni Mikelarena GEDeko kideek eman dituzte giza katearen azken datuak.

Igandean, beraz, Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotuko dituzte giza kate erraldoi batekin. 5.000 boluntariotik gora ariko dira lanean 202 kilometroetan: koordinazio lanetan, segurtasunean, trafikoan, postuetan, autobusetan, komunikazioan... Behin eta berriro azpimarratu nahi dute pertsona horien guztien lana. Antolatzaileek aitortu dutenez: "Kide horiei guztiei esker izango da posible igandean giza katea osatzea". 

Bestalde, 1.000 autobus baino gehiago mugituko dira egun osoan zehar, ia erdiak Euskal Herri kanpotik ekarriak izango dira. Autobus bakoitzak bere ibilbide pertsonalizatua izango du, ilarak sortu ez daitezen eta errepideetan arazorik egon ez dadin. Parte hartzaileen segurtasuna lehenetsiko dute uneoro. Azaldu dutenez: "Kontuan hartu behar dugu errepidera aterako garela eta tramu batzuetan ez dela errepidea moztuko. Beraz, parte hartzaileei eskatu nahi diegu kontuz ibiltzeko." 

Gaur 84.000 herritar baino gehiagok eman dute izena giza katean. Azken egunetako tendentziari erreparatuz iganderako 100.000 lagunek izena emango dutela espero dute, katea etenik gabe egiteko aurreikusitako kopurua. Hori dela eta, oraindik izena eman ez dutenei dei egiten diete webgunearen bidez edo herrietako mahaietara hurbilduz izena ematera, azken egunera arte izen ematea zabalik egongo da eta.