'Hiriaren Asteari' hasiera eman diote

uriola.eus 2018ko eka. 8a, 11:00

Bilboko Udalak hasiera emango dio Hiriaren Astea ospatzeko ekitaldi-sortari, Udaletxeko eraikin nagusira antolatutako bisita gidatuen ziklo berezi batez. Aurtengo berritasun nagusietakoa, Gau Zuria ondoz ondoko bi egunetan antolatzeko erabakia izan da, hiriko eraikin eta txokoetan gauzatutako multimedia proposamenaren bitartez Bilboko unibertsora inguratzeko aukera eskainiko dute.

Guztira, doako 14 bisita egingo dira, ekainaren 12, 13, 14, 18, 19, 20 eta 21ean, arratsaldez (17:30etan eta 19:00etan), euskaraz eta gaztelaniaz. Bisitaldi horiek goizez Udaletxera egiten diren ohiko bisiten osagarri izango dira. Hiria sortu zeneko 718. urteurreneko bisitaldi berezi hauen berezitasuna da Udaletxeko ate nagusian hasiko direla eta hortaz, Udaletxe barruko gela garrantzitsuenetarako ibilbidea handik abiatuko dela. Txanda bakoitzean, gehienez ere, 30 pertsona onartuko dira.

Doako bisitaldi hauetan parte hartzeko izena posta elektronikoz (reservasjunio18@gmail.com) edo telefonoz (684336536) eman daiteke. Izena emateko epea eguenean amaituko da, hilak 21, eta 09:30etatik 14:00etara bitartean egin daiteke.

Ildo horretan, gogoan izan behar da Hirian Astean ere egingo diren Udaletxera ezagutzeko ohiko bisitaldietan parte hartzeko, udalaren webguneko Ezagutu Udaletxea ataleko formularioa erabil daitekeela.

Hiriaren astea

Aurten ere, Bilboko Udalak Hiriaren sorreraren 718. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu herritar guztientzat, honako hitzordu instituzional hauek tarteko direla:

  • Harrera Bizkaiko Gozogileen Alkartasunari (eguena, hilak 14). Tradizioari jarraituz, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Udal Korporazioko kideek harrera egingo diete Bizkaiko Gozogileen Gremiokoei eta hauek, ekitaldia gozatzeko, Bilbao Tartaren zatiak banatuko dituzte bertaratutakoen artean.
  • Bilboko bandera igotzea (barikua, hilak 15). Ekainaren 15ean, 718. urteurreneko egunean, Ernesto Erkoreka plazako erdiko lorategietan, Bilboko bandera igotzeko ekitaldia egingo da. Ekitaldi solemne hau jendaurrean izango da eta alkatea eta udalkideak buru izango dira.
  • Gau Zuria (barikua eta zapatua, hilak 15 eta 16). Aurten ere, Bilbao 700 Fundazioak Hiriaren Urteurrenarekin bat egingo du, eta lehendabiziko aldiz, ondoz ondoko bi gauetan eskainiko du Gaur Zuriaren eskaintza magikoa, hiriko eraikin eta txoko bereizgarrien argiztapen berezi batez eta Bilboko unibertsora inguratzeko aparteko multimedia proposamen batez, zeinetan, mendeurrena bete duten Bilboko bi erakunde omenduko diren: Euskaltzaindia eta Indautxuko Eskolak.
  • Lore-eskaintza herritarra (domeka, hilak 17). Domekan, ekainak 17, azken ekitaldi instituzionala egingo da: urtero legez, lore-eskaintza hiriaren sortzaile On Diego Lopez Harokoaren eskulturaren aurrean, Plaza Biribilean. Udal Korporazioko kideak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru dela, segizioan joango dira Plaza Biribilera, dantzari eta txistulariekin batera, eta han, musika eta dantzekin lagunduta, lore-eskaintza handia egingo dute. Herritarrei gonbidapena egingo zaie udalkideen segizioarekin batera joateko eta eskulturan loreak uzteko. Hiriko gizarte eta kultura-arloko, kiroletako eta arlo ekonomikoko zenbait ordezkari eta agintari izango dira bertan (Bilboko ospetsuak, merkataritzako eta ostalaritzako elkarteak…).