Els Catarres eta Buhos taldeak batera Bilboko Kafe Antzokian

uriola.eus 2018ko eka. 11a, 09:17

Bilboko Kafe Antzokiak Kataluniako musika taldeen festa antolatu du eta Els Catarres eta Buhos taldeek beraien azken lanak aurkeztuko dituzte ostiral gauean.

Kataluniako musikaren erreferentzia diren Els Catarres eta Buhos taldeek Bilboko Kafe Antzokia bisitatuko dute datorren ekainaren 15ean, euren lan berriak Euskal Herrian aurkezteko. Beraien doinu dantzagarriak gaueko 21:30etatik aurrera egongo dira.

Els Catarres taldea 2010. urtean sortu zen Aiguafreda herrian. Hurrengo urtean, Jenifer abestiari esker ezagutzera eman ziren. Youtubera igo zuten abestia zen, herriko lokaletan jotzen zuten bakarrik epe horretan, eta udan, abesti hori esker, arrakasta handia lortu zuten Katalunian. Ondoren, bost lan egin dituzte, azkena aste honetan aurkeztuko duten 'Tots els meus principis' izanik.

Buhos taldea, ordea, 2005ean sortu zen, Calafell herrian. Dagoeneko zortzi disko atera dituzte merkatura. 2016. urtean ateratako Lluna plena Kataluniako diskorik onena izendatu zuen Radio 4k urte horretan. Ostiralean, berriz, beraien azken lana aurkeztera etorriko dira Bilbora, La gran vida izenekoa. Sarrerak Kafe Antzokian bertan salgai jarri dituzte.