Aste Nagusia 2018

Pabellon 6 antzerki-laborategiaren 'Chichinabo Cabaret' Aste Nagusian Euskaldunan

uriola.eus 2018ko eka. 12a, 09:52

Euskalduna jauregiak aurtengo Aste Nagusian Pabellon 6 antzerki-laborategiaren Chichinabo Cabaret lana eskainiko du. Langabezian dagoen gazte baten burmuinean sartuko dira cabaret antzezlanean eta Ugaitz Alegria eta Irene Bau aktoreek parte hartzen dute ikuskizun berezi honetan.

Dezepzioa, desilusioa, desengainua, kamusada, ezustea, frustrazioa: horrelakoak dakartza gogora Chichinabo Cabaret obrak. Kabaret honetan hainbat gai aztertzen dira: utopiaren faltsutzea, ordezko errealitateak dakarren asetasun eza eta bete gabeko promesen sedimentu mikatza. Sarkasmo eta umore finez landuko da hori guztia.

Pabellon 6 antzerki-laborategiak Euskaldunan aurkeztuko du kabaret hori, kabaret “mental, irrizko eta japoniar bat”, zeinek ironia samurrez islatzen baitu zer-nolako arazoak dituzten gaur egungo gazteek lan-munduan sartzeko. Horretarako, langabezian dagoen gazte baten burmuinean sartuko dira, hark bere oroitzapenak eta etorkizuneko asmoak errepasatu ahala, autoestimu arrasto baten bila.

Burmuinaren barrenera egindako bidaia bat da honakoa, krisi-garaietan autoestimua berreskuratu nahian, aktore hauen guztien eskutik: Ugaitz Alegria, Irene Bau, Jon Casamayor/Koldo Olabarri, Izaskun Fernandez, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamarina.

Sarrerak

Lehiatiletan: Astelehenetik larunbatera (jaiegunetan izan ezik), 17:00etatik 20:00etara. Ikuskizunaren egunean (jaiegunak barne), 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik ikuskizuna hasi arte.

Salmenta kutxazainetan: BBK Kutxazain automatikoak.