Gaur aukeratuko dituzte 'Arteshop Bilbo 2018' programaren irabazleak

uriola.eus 2018ko eka. 13a, 10:51

Artearen eta merkataritzaren alorretan ibilbide luzea duten pertsonekin osatu dute epaimahaia, eta hamar finalisten artean proposamenak ebaluatu eta irabazleak aukeratuko dituzte gaur.

Dagoeneko hautatu dituzte Arteshop Bilbo 2018 sariak irabazteko aukera izango duten hamar saltokiak, non artelanak ikusi ahal izango diren. Gaur, ekainaren 13an, ordea, artearen zein merkataritzaren alorretan ibilbide aintzatetsia duten 13 epaimahai-kidek hamar lan finalistak ebaluatu eta onenak aukeratuko dituzte.

Xabier Ochandianok hautatutako proposamenen kalitate ona azpimarratu du, zeinen bitartez gure gazteen talentua eta sormena jartzen diren ikusgai, bai eta hiriko merkataritza-jarduera sustatzeko ekintzetan parte hartzeko duten gogoa ere. Aurtengo Arteshop Bilbo edizioan, guztira, 75 saltokik hartuko dute parte. Hauexek dira hautatu diren hamar proposamenak eta saltokiak:

CHIC BILBAO (Urkixo zumarkalea 94)
Egilea: Jon Lopez-Arostegi Eskauriaza
Izenburua: DOTORE...

Egileak izatez ederra, purua eta dotorea dena irudikatu nahi du. Horretarako, honako motibo hauek irudikatu ditu: hegazterren bat eta peonia batzuk. Elementu horiek banaka irudikatuak izan dira, euskarri desberdinetan, hartara, erakusleiho osoa har dezaten eta, aldi berean, erakusleihoarekin harmoniaz erlazionatu daitezen.

REKALDE BURDINDEGIA (Gordoniz 90)
Egilea: Lucía Cámara Mesanza
Izenburua: Rekalde bitxi-denda

Artistak artea beti hierarkia baten menpe egon dela planteatzen du. Objektu artistikoak “arte txikietan” eta “arte handietan” sailkatu izan dira. Lan honen bidez, egileak planteamendu horiek zalantzan jarri nahi izan ditu, eta galdetzen du ea zergatik gizarteak ez ote dituen objektu erabilgarriak artetzat jotzen. Lanaren izenean ideia horrekin jokatu du.

TRUFAS SILMAI (Agirre Lehendakariaren kalea 37)
Egilea: Aizpea de Atxa Cancel
Izenburua: Historia duten trufak

Tradizioa, artisautza eta txokolatea dira artistak erakusleihoa diseinatzeko uneoro kontuan hartu dituen kontzeptuak. Egileak pertsonengan esperientzia estetiko bat eragiteko gai den irudi bat bilatu du, eta garai desberdinetako eta kakaoz egindako irudiekin osatutako collage bat da.

URBAN BIKE (Bailen 2)
Egilea: Guillermo Achúcarro
Izenburua: Nola ikusiko gaitu Lurrera datorren estralurtar batek?

Arte erlazionalaren, kontzeptualaren eta eszenifikazioaren formetan oinarritutako metodologia erabiliz, espazioa berrogeialdian jarri da. Horrela, ilunantza eten eta apeu bisualak sortzen dira, saltokiaren espazioa arretaz betetzen dutenak. Zientzia fikzioa proposamenaren funtsezko inspirazioa da.

BILBOLAMP (Colon de Larreategui 10)
Egilea: Urko Briales
Izenburua: Argia

Proposamen honek argiaren eta ideien arteko harremana du oinarri, lexikoaren adierazpenen bidez, adimen-argitasuna ulertzera ematen dutenak: esaterako, buruargia izatea edo argitsua izatea. Proiektuak bi zati ditu. Lehenengoa bisualago edo metaforikoagoa da, eta, bestea, hausnarketakoa eta hitzez hitzekoagoa, argiarekin eta ideiekin zerikusia duena.

EL ÁRBOL DE LA VIDA (Gordoniz kalea 53)
Egilea: Colectivo 42 (Alba Rebollo eta Miriam Inza)
Izenburua: Herbarioa

Egileek erakusleihoaren kanpoaldean kokatutako gortina bat sortu dute; horren bidez, saltokiaren espazioarekin elkarrekintzan aritzera gonbidatzen dute publikoa. “El Árbol de la Vida” saltokiaren izenak —eta batez ere anagramak— ondokoa ekarri dute artisten gogora: elkarri lotutako bi mundu, simetria, batasunerako ate bat, eta zeruaren eta lurraren eta barrualdearen eta kanpoaldearen lotura.

EL CORTE INGLÉS (Kale Nagusia 7-9)
Egilea: Javier García García
Izenburua: Dama

Obrak presentzia izatea eta boterea azaltzea du helburu. Egileak, pieza honen bidez, dotorezia eta autoritatea aditzera eman nahi izan ditu. Ez da kasualitatea izan aukeratutako elementua xake-pieza bat izatea. Horrela, analogia bat ezarri nahi da damak sinbolizatzen duenaren eta artistak saltokitik nabarmendu nahi duenaren artean.

CICLOS LA FERRO (Martzana 5)
Egileak: Inés Martínez pardo eta Elisa Moreno Vitas 
Izenburua: Fluorra

Egileek zerbait deigarria eta ikusgarria sortu nahi izan dute, erakusleihoan publikoarenganako leiho bat islatuz. Bizikleta baten sintesian datzan egitura bat da, baita neoizko argi moldakorrez estalitako ingurune bat ere. Horrela, kanpotik begiratuz gero, irudi ikaragarri eta distiratsu bat sortuko da.

PARAGÜERÍA LEOZ (Belostikale 25)
Egilea: Emilio Cordero Checa
Izenburua: Euria ari duela dirudi

Egilearen arabera, euria naturaren nortasun melankoniatsua da. Hodeiak bereizi egiten dira, ura erori egiten da, ustekabean aurrera egiten du eta Bilboren gainean jausten da. Orduan, ildoak sortzen ditu, kaleak urez betetzen eta garbitzen ditu, busti eta laztandu egiten gaitu, geldiarazi eta hiriaren erritmoaz hausnartzera bultzatzen gaitu.

RAEL DECORACIÓN (Colon de Larreategui 50)
Egilea: Ekain Izquierdo Velasco 
Izenburua: Tex-zatiak