'Hilabete bat, galeria bat' proposamen berria gaur hasiko da

uriola.eus 2018ko eka. 14a, 10:45

Ipar Amerikako Monica Nixon artistak emango dio hasiera Bilbao Art District ekimenaren beste jarduera bati. Hitzaldi bat eskainiko du MH Art Gallery galerian, eta figurazio errealistari lotutako bere pinturari buruz hitz egingo du.

Aurten, sei edizioak alderatuta, asterik luze eta osoenetako batez gozatzeko aukera izan dugu. Bihartik aurrera, beste proposamen bat hasiko da: Hilabete bat, galeria bat. Orduan, Bilbao Art Districten dauden galeria guztietan artearekiko eta sormenarekiko interesa erakusten duten sektoreko eragileei eta publiko orokorrari zuzendutako jarduera bat egingo da. Ekintza berria abiarazteko, Ameriketako Estatu Batuetako Mónica Nixon artistak hitzaldi bat egingo du MH Art Gallery delakoan 19:30etik aurrera.

Hilabete bat, galeria bat proposamenak erakusten digu Bilbao Art District proiektua urte osoan dagoela martxan. Jarduera Arteen Astean nabarmentzen da gehien, azken edizioan maiatzaren 18tik 27ra egin dena. Arrakasta handia izan du, eta publiko gehien bildu duen edizioa izan da, bai eta tokiko arte-ehunaren inplikaziorik handiena izan duena ere. Ekitaldirako, ehun jarduera inguru antolatu ziren hiriko 40 toki desberdinetan. Hamar egun horietan, herritar guztiek aukera izan zuten Bilboko arte-komunitateko pertsona eta espazio guztiek egunero-egunero jorratzen duten lana ezagutzeko eta gertutik ikusteko, zeinari esker, elkarrekin, arte-barruti paregabe bat sortzen duten.

Jarrera positiboa

Sektoreak, halaber, jarrera positiboa erakutsi du Arteen Asteari dagokionez, eta programatutako jardueretan jende askok hartu du parte. Arriaga Antzokian eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, esaterako, artearen alorrarekin profesionalki zerikusia duten 200 pertsona baino gehiago bildu ziren. Bestalde, BilbaoArte Fundazioan programatutako jardunaldietan ere profesional eta zale ugari bildu ziren. Zorrotzaurreko ZWAPen egindako ‘85 Conferencia de Trans Europe Halles’ ekitaldian ere Europako zentro artistikoetako 250 zuzendari egon ziren.

Beste alde batetik, Arteen Asteari esker, egunerokotasuna, herritarrak eta sormen artistikoa uztartu dira. Horren adibide dira Bilbo Zaharreko NotASoho kolektiboak herritar eta sortzaileen artean proposatutako eztabaidak. Beste adibide bat Ana Villaseñor artistaren Altimetrías lana dugu, Zabalako auzo-elkartearekin lankidetzan egin duena, non auzoko pertsonek ere parte hartu duten.