Bilbo abangoardiako sukaldaritzaren egoitza izango da asteberu honetan

uriola.eus 2018ko eka. 14a, 11:48

Abandoibarran jarriko den fan zone gastronomikoan, umeentzako jarduerak eta sukaldaritzako zuzeneko erakustaldiak eskainiko dira, ekainaren 14tik 17ra bitartean. 

Jarduera-eremu horretan, bertoko produktuen sustapena egingo da. Tradizioa, abangoardiako sukaldaritza, klasiko berrasmatuak eta bertoko produkturik onenak elkartuko dira gaurtik 17ra bitartean, Guggenheim Museoko zabaldegian. Jarduera-eremu bat jarriko da han, herritar guztientzat, The World´s 50 Best Restaurants ekitaldia dela-eta.

Beraz, gaur eta bihar, arratsaldez, eta ekainaren 16an (larunbata) eta 17an (igandea), egun osoan, Abandoibarrako Guggenheim Museoaren zabalgunera hurbiltzen direnek errezeta erakargarriak ikusteko aukera izango dute, besteak beste, arrautza-lorea arto-oinarriarekin, gazta kurruskaria eta bizkaitar saltsa ukitua; gainera, Bizkaiko txakolinaren, Euskal Sagardoaren eta Arabar Errioxako ardoaren sekretuak ezagutu ahal izango dituzte, adituekin batera dastatze-saioak eginez; edo, bestela, cocktail-showaz gozatu, DJ batek musika jartzen duen bitartean, itsasadarraren ondoan.

 

The World´s 50 Best Restaurants

Gastronomiako Oscarrak Euskalduna Jauregian banatuko dira, ekainaren 19an. Ekitaldi horrek sukaldaritzaren arloko nazioarteko chef, sukaldari, kritiko, kazetari eta influencer onenak erakarriko ditu. Gala horrekin, amaiera emango zaio ekainaren 16an abiaraziko den jardueren agenda ofizialari, egun horretan hasiko baitira lurraldera heltzen lehenengo parte-hartzaileak. Ekainaren 17an, Basque Culinary Center-en joera eta berrikuntza gastronomikoei buruzko #50BestTalks hitzaldiak egingo dira.

Ekainaren 18an, programa ofiziala Guggenheim Bilbao Museoan hasiko da. Artea eta gastronomia izango dira museoko protagonistak, The World´s 50 Best Restaurants ekitaldia dela-eta ad hoc sortu den ekitaldi batean. Bilboren modernotasun eta eraldaketaren ikonoa da museoa, eta han egingo da Food meets Art ekitaldia. Massimo Bottura eta Alain Passard chefak sukaldaritzaren eta artearen arteko harremanaz mintzatuko dira, Joana Vasconcelos artista portugaldarrarekin eta Giulio Cappellini arkitekto italiarrarekin batera.