Aste Nagusia 2018

Aste Nagusiko kartel lehiaketan parte hartzeko azken astea

uriola.eus 2018ko eka. 18a, 11:56

Kartelak, lehiaketan parte hartzeko, Bilboko Udaletxeko Jaietako Sailaren bulegoetan (Aznar eraikina, 5.a) 13:00ak baino lehen aurkeztu behar dira.

Datorren barikuan, ekainak 22, Bilboko Udalak 2018ko Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko antolatutako lehiaketan parte hartzeko epea amaituko da. Interesaturik dauden pertsonek Udaletxeko Jaietako Sailaren bulegoetan (Aznar eraikina, 5.a) aurkez ditzakete euren lanak 13:00ak arte.

Aurreko edizioetan bezala, herritarrek edukiko dute erabakitzeko ahalmenik handiena, hauexek baitira portzentajeak: herritarren bozketa presentziala (% 33) eta Udalaren web-orriaren eta hedabide laguntzaileenen bidez egindako herritarren bozketa (% 33).

Beste % 33 epaimahaiaren esku geratuko da; eta diseinu-arloko 5 pertsonak, Bilbao Konpartsak elkarteko kide batek eta udaleko 3 kidek osatuko dute epaimahaia. Uriko Aste Nagusia iragarriko duen kartelaren egileak 3000 euroko saria jasoko du.

Aurten, aurreneko aldiz, udalak, lehiaketaren oinarriak eguneratuta, tradiziozko rolen eta estereotipoen orekari buruzko aipamen bat sartu du. Sexua, arraza, adina, kultura zein sexu-aukera direla-eta tratamendu gutxiesgarririk ez egoteko sartu du aipamena udalak.