LGTBI+

Pride Bilbao, bilbotarren harrotasun eguna

uriola.eus 2018ko eka. 21a, 13:27

Gaur hasiko da Bilbao Bizkaia Pride jaialdia. Unai Goikoleak azaldu digunez Bilboko itsasadarra festaren erdigunea bihurtuko da larunbateko Ur Parade itsasontzi desfilearekin. Horrez gain, hainbat ekintza antolatu dituzte asteburu osorako eta jende guztia parte hartzera gonbidatu du.

Beste urte batez, eta hau laugarren edizioa izango da 2015. urtean LGBT ikusgarritasunaren eta aniztasun sozialaren aldeko jaialdi soziokultural hau sortu zutenetik. Aurtengo Bilbao Bizkaia Pride jaialdia Bilboko itsasadarrera egingo du salto. Betiko lez, larunbateko Ur Parade itsasontzi desfilea izango da egitarauaren ekintzarik aipagarriena. Aniztasunaren alde nabigatu xede dutela LGTB kolektiboen pertsonekiko berdintasuna eta errespetua eskatuko dute berriro, beraien izaera "harrotasunez" kalera ateraz.

Gaur emango diote hasiera jaialdiari. Egun hauetan Rainbow marketDrag Queen gala, Olimpride takoien lasterketa, Familypride... bezalako ekintzak Ripa Kaian, Plaza Barrian edota Martzana Kaian izango dira beste leku batzuen artean. Ekintza gehienak Ripa Kaian egingo dituzte. Rainbow market merkatua ostegunetik igandera arte han egongo da. Bertan, Artisautza Azoka, kale girotzea, InfoPuntua, tailerrak, BilbaoPride Antzeztokia, Peace&Love taberna kokatuko dituzte.

Horrez gain, Bilbo osora zabaldu nahi dute jaialdia. Antolatu dituzten ekintza guztiak doakoak izango dira eta parte hartzea ere zabala eta anitza izatea nahi dute. Horretarako Pride kulturalena egitea erabaki dute. Sexu Aniztasunaren aldeko Euskal Artea erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusien Erakusketa Aretoan egongo da. ZinemaPride La Bolsan eta BBK aretoan, ArtePride Berreginen museoan eta nola ez Drag Queen lehiaketa, sentsibilizazio kanpaia, musika eta jaia ez dira faltako.

Baina, nola ez, asteburuko ekintzarik handiena larunbateko UrParade itsasontzi desfilea izago da. Arratsaldeko 17:00etan aniztasunaren aldeko ontzien kontzentrazioa egingo dute Guggenheim museoaren aurrean. Ondoren, leku horretik abiatuko dira itsasontzien desfilearekin. Edozeinek parte hartu dezake, bai bere txaluparen izena emanez bai antolakuntzaren ontzietara joanez. Bukatzean, Drag Queen gala eta Yogurinha Borovaren ikuskizunaren txanda izango da. Jaiarekin bukatzeko Dj gaua antolatu dute.