Ekainaren 20an ospatzen den Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta Bilboko Udalak Ricardo Garcia Villanova fotokazetariaren Ascenso y Caída del Estado Islámico 2012-2018 izeneko argazki-erakusketa antolatu du. Erakusketa hori Abandoibarra pasealekuan, Deustuko zubiaren eta Pedro Arrupe zubiaren artean, egongo da ikusgai uztailaren 18ra arte.
50 irudiko 20 panelek osatutako kaleko kontakizun grafiko honetan, autoreak gerraren eragina, errefuxiatuen krisia eta Siria, Irak eta Libiako hirien suntsiketa agertzen dizkigu. Erakusketaren izenburuak adierazten duen legez, batez ere, talde jihadistak aldarrikatutako gotorlekuan egindako argazkien bidez, Estatu Islamiar autoizendatutakoaren gorakada eta gainbehera agertzen da. Argazkiotan Mosulen eta Al Rara-n izandako borrokak, ondorengo askapena eta oraingo egoera ikus daitezke. Borroka latzak izandako beste leku batzuetako irudiak ere jasotzen dira, hala nola, Kobane, Sinyar edo Sirte-koak, besteak beste.
Erakusketaren inaugurazioan Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Elkarbizitza eta Jaietako zinegotzia izan da, Ricardo Garcia Vilanova autorearekin batera. Itziar Urtasunek adierazi duenez, “erakusketa bat kalera ateratzearen apustua egin dugu berriro ere, obra artistiko erreibindikatzaile hau bilbotarren eskura jartzeko; Giza Eskubideen urratzea azaldu eta salatu nahi dugu eta errefuxiatuenganako elkartasuna erakustera eta gatazkek sortzen dituzten sentipenak biziberritzera eta partekatzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak”.
Era berean, erakusketari buruz zinegotziak azaldu duenaren arabera “lagungarria da modu zehatzago eta konkretuagoan ikusteko, zotitxarrez, luzaro dirauen eta albiste tragikoak behin eta berriz dakarzkigun gatazka oso mediatiko hau. Baina, batik bat, indarkeriaren eta gerraren ondorioak jasaten dituztenenganako beharrezkoa den elkartasunari buruzko hausnarketa egiteko deia da”.