Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen askatasunaren aldeko eta eraso sexisten aurkako kanpaina bat kaleratu berri du, eta, batik bat, jai-inguruetan gertatzen diren erasoak hartu ditu kontuan.Ana Urrutia kazetariak bere irudia laga dio kanpainari. Hain zuzen ere, berak gaur goizean aurkeztu du kanpaina Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuarekin batera egin duen prentsaurrekoan, eta Jaietan ere, neure aukera izan da leloa.
Mezua hainbat sare sozialetan eta kanpoko espazioetan zabalduko da garraio publikoko lineen bitartez. Lineak beren-beregi hautatu dira Bizkaiko udalerrietako jaiekin bat egin dezaten. Aipatutako leloarekin batera, beste mezu batzuk agertuko dira. Gainera, #NeureAukera traola izango du.
Laespada diputatuak azaldu du emakumeen askatasunaren aldeko kanpaina bat dela, baina arreta berezia jarri nahi dela uda osoan zehar egongo diren jai-gune eta jaietan.
DATUAK
Horrez gain, Fiskaltzak edo Ertzaintzak sexu-erasoei buruz publikoki jakitera eman dituzten datu batzuk gogoratu ditu. Fiskaltzaren azken memorian, 2016. urteko datuak biltzen dituena, jaso da sexu askatasunaren aurkako delituek gora egin dutela Espainia osoan, 2015. urtean 1081 gai izatetik, 2016. urtean 1.271 gai izatera. Horri dagokionez, jasotakoaren arabera, gora egin dute, bai sexu-erasoek (2015. urteko 417tik 2016. urteko 476ra), bai sexu-abusuek -nabarmen gainera-.
Kalifikazio-idatzien arloan, sexu-askatasunaren aurkako delituak izan ziren kopururik handiena sortu zutenak (1.061, hain zuzen, eta horietatik 387 sexu-erasoak izan ziren, 85 bortxaketak eta 192 sexu-abusuak).
Horrez gain, Ertzaintzak eta udaltzaingoek egindako memoriaren arabera, arau-hauste penalek iaz % 1,45ean egin zuten gora Euskadin. Bizkaiaren kasuan, zehazki, % 1,05ean egin zuten gora.
Hazkunde oso txikia da arau-hauste penal guztiekin alderatuta. Hala ere, sexu-erasoen kasuan, Euskadiko igoera % 30ekoa izan zen eta Bizkaikoa % 27koa. Hain zuzen, behera egin zuten hilketen, etxebizitzetako lapurreten eta pertsonen aurkako larderia erabiliz egindako lapurreten erregistroek. Alabaina, familia-inguruko tratu txarrek eta sexu-erasoek gora egin zuten.
Sexu-erasoen kopuruak % 30ean eta % 27an gora egin izanak esan nahi du 2016. urtean 42 eraso gehiago erregistratu zirela Euskadin eta, Bizkaian, berriz, 22 gehiago. Beste batera esanda, 2016. urtean erkidegoko zein tokiko poliziek erregistratutako sexu-erasoen kopurua 140 izan zen Euskadin, eta iaz 182ra iritsi zen. Bizkaiaren kasuan, 2016. urtean 80 eraso erregistratu ziren, eta iaz, ordea, 102 eraso.