Bilboko Suhiltzaileek Basurtuko Ospitalean ingresatuta dauden umeei bisita egin diete

uriola.eus 2018ko eka. 22a, 11:27

Aurten ere, uda iristearekin batera, Bilboko Suhiltzaileek Basurtuko Unibertsitate Ospitalean ingresatuta dauden umeei bisita egin diete, eramangarriagoak egin nahian ospitaleko egonaldiak. Hartara, 11:00etan, suhiltzaile-talde bat San Pelayo Pabilioian dagoen Pediatria saila bisitatzen egon da eta ospitale barruko zabalgunean erakustaldi bat egin du.

Ibilgailu ofizialekin joan dira hara Bilboko hamabi suhiltzaile, Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzi Tomás del Hierro eta Babes Zibil eta Larrialdietako zuzendari Natxo Gil lagun zituztela. Ospitalean zuzendaritzak harrera egin die.

Lehendabizi, suhiltzaileak gaixotasuna dela-eta zabalgunera irteteko moduan egon diren umeentzat rapel maniobra baten erakustaldia egin dute, sokarekin, autoeskalako sakitik; esku-hartzeko arropak erakutsi dizkiete –suteak, erlauntzak kentzeko trajeak, elementu kimikoekin kontaktuan egon ahal izateko–. Dianak ere jarri dituzte, neskato-mutikoek mangerekin ura haietara jaurtitzeko eta bestelako jolasak ere egin dituzte, suhiltzaileek eurek egindako trukuak eta malabarrak.

Pediatriako kanpo aldean jardun ondoren, suhiltzaileak gaixotasuna dela-eta gelatik ezin irten daitezkeen umeei egin diete bisita euren geletan. Opari bana eman diete suhiltzaileek umeei.

Ordu eta erdikoa izan da bisita eta ospitaleak (Bilbao-Basurtu ESI) antolatuak dituen ekitaldien barruan sartzen da, hain zuzen, umeei eta gazteei hango egonaldia atseginagoa egiteko. Bestalde, Bilboko suhiltzaileek pertsonarik ahulenei –adineko pertsonak eta gaixorik dauden adingabeak– bisitak egiteko ekimenaren barruan ere sartzen da bisita hau.