Zurbaran eta Zurbaranbarri ezagutzeko bisita gidatuak

uriola.eus 2018ko eka. 25a, 09:24

Uztailaren 3tik 28ra oinezko ibilbide gidatua proposatuko zaio jendeari, Zurbaran eta Zurbaranbarri auzoetatik; soroez eta txakolindegiez aparte, Hiriko gizarte hirigintzaren adibide interesgarrienetakoa kontserbatzen dute.

Bilboko Udalak maiatzaren hasieran ekin zien berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren barruan. Edizio honetan berriro ere auzoei begiratzen zaie, Begoñako elizate zaharraren hedapenari, hain zuzen ere. Uztailerako, oinezko ibilbidea proposatzen da 1925ean Bilboren esku geratu zen elizateko landa gunea izan zenetik.

Zurbaran, Bilboren esku geratu zen Begoñako elizate zaharreko nekazaritza gunea zen. Zurbarango Dorrearen inguruan baserriak eta txakolindegiak batzen ziren. Ondoren, Etxe Merkeak ezagutzen direnen eraikuntzarekin auzoaren irudia aldatuko zuten kooperatibak etorri ziren. Tomas Bilbao arkitektoak zuzendutako proiektu harekin, hiriko gizarte hirigintzaren adibide interesgarrienetakoa heldu zaigu.

Zurbarandarren Erdi Aroko leinua Artxanda mendiko hegaletatik lasai eta zabal aritzen zenetik gauza asko aldatu dira auzoan. Ibilbidean zehar, xehetasunetan eta materialetan islatzen den Zurbarango “txaleten” aberastasun arkitektonikoa ikusiko dugu, Larrazabal baserriari edo “Patillas”-en txakolindegi ezagunari buruz egingo dugu berba, eta zine areto ospetsu bat oso bestelakoa den zerbait, parrokia bat, hain zuzen ere, bilaka daitekeela aipatuko dugu.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 17:00etan eta 18:45ean; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan, eta 17:00etan (ostiral arratsaldez euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren uztailaren 28ra arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz.