Bilbon orduko 30 kilometrora bihartik aurrera

uriola.eus 2018ko eka. 29a, 09:37

Bilboko kale askotan zirkulatzeko gehieneko abiadura orduko 30 kilometrokoa izango da.

"Bilbon, 30 bider hobeto bizi gara”, horixe da gaur hasi den informazio-kanpaina baten eslogana, ekainaren 30etik aurrera Bilboko abiaduraren muga orduko 30 kilometrotan ezarriko dela iragartzeko. Oraintsu aurkeztutako Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Planean jasotzen da zeharkako neurri hau eta gaur hasi den kanpainan horren onurak azpimarratuko dira: zirkulazioa lasaitzea, gidatzeko ohiturak aldatzea eta ingurumenaren arloko presioa gutxitzea, airearen kutsadurari eta kutsadura akustikoari dagokienez.

Airearen kutsadura gutxitzean, asko murriztuko dira poluzioak osasunean dauzkan eragin neurotoxikoak. Gas gutxiago isuriko dira eta horrek osasunaren hobekuntza orokorrean izango du eragina eta klimaren aldaketa arintzen lagunduko du. Izan ere, abiadura motelagoan, CO2 isuriak asko murriztuko ditugu.

Kale guztietan ez da 30 kilometro orduko muga ezarriko eta kale batzuetan 50 kilometrora zirkulatu ahal izango da. Edukiera handiko errepideekin edo autobideekin lotura egiten duten kaleak edo kale-zatiak dira, Bilboko sarrera-irteerak dira, edo auzoak lotzen dituzten errepideak dira. Horren bidez zirkulazioaren arintasuna bilatuko da. Kale horietako batzuk dira Sabino Arana, Recalde zumarkalearen zati bat, Juan Antonio Zunzunegui, Zumalacarregui etorbidea edo Maurice Ravel etorbidea. Bizkaiko uriburuan kaleen 377 kilometro daude eta horietatik % 87an jarriko da orduko 30 kilometroko muga; gainerako % 13an 50 kilometrora zirkulatu ahal izango da.

Abiadura orduko 30 kilometrora murrizteak zirkulazioaren joan-etorri iraunkorra bermatzen du, auto-ilara gutxiago izango dira eta sistema ekonomikoa eta eraginkorra da, semaforoen eta trafiko-seinaleen kopurua asko gutxitzen lagun dezakelako. Izan ere, Oinez Doazen Hirien Sareak 30 kilometroko abiadura estandarra ezarri duten eta 30 km/h Hirien Ituna sortu duten lekuetan egindako azterketa batek erakusten du aurrezpen modu garrantzitsua izan daitekeela udalerrientzat.

Aurrerantzean, Bilbon oinez joatea, bizikletan ibiltzea edo garraio publikoa erabiltzea jarduera atseginagoak izango dira. Bilbo modu uri batean, non % 64eko joan-etorriak oinez egiten diren, garraiobideen arteko oreka bilatu da, beti ere jasangarritasun irizpideak kontuan hartuta. Horrela, uritik oinez edo edozein garraiobidetan mugitzen diren pertsona guztien bizikidetza hobetuko da.