Euskal Herriko Bilgune Feminista: "Gaur egungo jai ereduan askok ez dugu lekurik"

uriola.eus 2018ko eka. 26a, 09:20

Urtero bezala, Euskal Herriko Bilgune Feministak jaien inguruko irakurketa eta kartela atera du. Aurten, emakumeen parte hartzean eta jai ereduan zentratu dira.

San Juan suek iragarri dute herrietako jaiak heltzear direla. Azkenengo urteetan egin duen bezala, Euskal Herriko Bilgune Feministak jai ereduari buruz eta emakumeek eredu horretan duten presentziaz gogoeta egin du. Beraien irakurketan azaldu dutenez: "Jai eredua herritarren parte-hartze mailarekin neur liteke. Parte-hartze integral eta erreal batek, jai, kontsumo, errentagarritasun eta aisialdi ereduaren inguruko errotiko birplanteamendua dakar, gaur egungo ereduan askok ez baitugu lekurik."

Beraz, gaur egungo eredua aldatu behar dela proposatzen dute. "Auzia ez da soilik gaur egungo eredua partxeatzea, adibidez, emakume batzuk ikusgarriagoegitea. Parte-hartzea ez baita “gure jaietara” beste batzuk gonbidatzea, baizik eta jaien planteamendua bera elkarrekin negoziatzea eta berreraikitzea."

Gauzak horrela, eta nahiz eta aldaketa hori oso konplexua izan, urteak daramatzate parte-hartzearen inguruko oinarrizko aldarrikapenak egiten. Argitu dutenez "Badakigu emakumeon parte-hartzea mugatzen, baldintzatzen, zokoratzen edo normaltasunez kuestionatzen duten jaiak dauden bitartean, ezingo garela jai eredu parte-hartzaileez aritu." Aldarrikatu dutenez, ez dute "beste-horiek" izan nahi, eta beraien garrantzia aldarrikatu nahi dute.

Euskal Herriko Bilgune Feministak azaldu duenez: "Emakumeok jaietan ikuskizun eta dantzalekuen parte izan behar gara, baina ez espektakulu edo erakarpen turistiko gisara. Guretzako plazera bilatu nahi dugu, eta ez beti besteentzat plazer iturri izatea". Bukatzeko nola, norekin eta noiz gozatu nahi duten erabakitzeko gai izan behar direla aldarrikatu dute.