Gaur goizeko 5:00etan Euskalduna zubiak irristatze bat izan du bere egituran. Auzotarrek azaldu dutenez, horrek zarata handi bat eragin du. Berehala gerturatu dira udaltzainak, suhiltzaileak eta udaleko teknikariak eta zubia itxi dute.
Ordu honetan zubia autoentzat itxita jarraitzen du. Jakitera eman dutenez, matxura hori aurretik zegoen, baina gaur goizean handitu egin da. Beraz, zergatiak jakin arte zubia autoentzat itxita jarraituko du. Zubia segurua dela dakitenean zabalduko dutela iragarri dute, baina, momentuz, oinezkoentzako soilik ireki dute, eskailerak dauden partetik.
Horrek auto ilarak sortu ditu gaur goizean Deustuko errepideetan. Euskalduna itxita jarraitzen duenez autoak Deustuko zubitik sartu dira Bilbora, Lehendakari Agirre kalea autoz betez. Ordu honetan egoera hobetu du, baina zubia autoentzat itxita jarraitzen duen bitartean, Deustuko zubiak jasango du trafiko guztia.
Arrazoiak
Uriolak jakin duenez, aztertzen ari diren hipotesietako bat Zorrozaurreko kanalaren obrak dira. Egituran arazoak egoten direnean, arruntena alboan dauden obrei begiratzea da, eta kasu honetan Zorrozaurre uharte bilakatzeko obrek zubian horrelako eraginak izan ditzakete.
Langileek adierazi dutenez, matxura hori lan horiek hasi baino lehen zegoen, beraz, ezin dute ziurtatu hori horrela dela. Zorrozaurreko kanalaren obrek, aurten jasotako euriak, edo denborak ere horretan eragin dezakeelako. Horrez gain, zubiaren zati horrek aspalditik jasan izan ditu horrelako arazoak, arrazoiak zeintzuk diren jakin gabe.