Bilboko udaletxeko fatxada nagusia ostadarraren banderaren kolorez argiztatuko dute

uriola.eus 2018ko eka. 28a, 10:57

Bilboko Udalak bat egin du, gaur, ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin. “Bilbo, harrotasunez betetako uria” goiburuaz udalak kanpaina berri bat jarri du abian uriko edozein kaletan edo auzotan pertsonek euren genero-nortasuna, sexu-nortasuna eta sexu-orientazioa harrotasunez adierazi ahal izatea aldarrikatzeko.

Maiatzaren 17an, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazioarteko Egunean bezala, gaur ere Bilboko Udalaren helburua eta nahia bereizketa eta indarkeria bako uri bezala sendotzea da, auzo eta kale bat ere kanpo utzi barik; hau da, errespetua nagusi izatea, baita berdintasuna benetakoa, normalizatua eta aurreiritzi bakoa izatea ere.

Horren harira, gaurko Udalbatzarraren hasieran, Juan Mari Aburto Alkateak Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek sinatutako adierazpen instituzionala irakurri du, “LGBTIQ+ komunitatearen eskubideen urraketaren gaitzespen irmoa” berretsiz eta “askatasunak modu aktiboan defendatzeko rola” bereganatuz, “horixe baita gure eginbeharra Bilboko herritarren ordezkari gisa”.

1969ko ekainaren 28a

Duela 49 urte, 1968ko ekainaren 28an, Sylvia Rivera, Marsha P. Johnson eta beste emakume batzuek LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko borrokan eta aldarrikapenean bidea ireki zuten, New Yorkeko Greenwich Village auzoan poliziaren aldetik jasan behar zuten jazarpen nekagaitzaren alde altxatu zirenean.

Kolorezko udaletxea

Ordutik urtero ekainaren 28a bakoitzak gura duenaren bezala izateko, adierazteko eta maitatzeko askatasuna aldarrikatzeko eguna da; hots, duintasunaren alde borrokatzeko eta kolektibo honek erdietsitako lorpenak ospatzeko. Bilbon egun hauetan kultura, jolas eta sentsibilizazio-jarduera asko daude LGTBIQ+ eskubideen alde eta udala horietan laguntzailea da. Ekimen horien artean dago gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, izango den jarduera bat. Bilboko Udaletxeko fatxada ostadarraren kolorez argiztatuko dute.

Kanpaina euskarri fisiko desberdinetan, hiriko altzarietan eta euskarri digitalean www.bilbao.eus webgunean argitaratu da. Era berean, Udalak sare sozialetan dauzkan kontuetan zabalduko da: Bilbao Berdintasuna (facebook eta twitter) eta Bilbao Udala (twitter, facebook eta instagram).