Ticketing sistema digitala, udan Gaztelugatxeko sarrera antolatzen laguntzeko

uriola.eus 2018ko eka. 29a, 09:34

Udari begira antolatu den jarduketa sortako neurrietako bat da, eta bateragarria izango da Urizarretako eta Ermuko jaitsieren hasieran kokatutako bi kontrolguneetan tiketak jasotzearekin. Bi kasuetan ere, tiketak doan emango dira.

Gaurtik aurrera, ticketing plataforma horretara sartu ahal izango da Foru Aldundiaren www.bizkaia.eus webguneko Gaztelugatxeri buruzko atalaren bitartez, edo zuzenean klik eginda http://web.bizkaia.eus/gaztelugatxe helbide-barran. Plataforma horretan tiketa erreserbatu ahal izango da, erabiltzaileak ezartzen dituen egun-orduetarako.  Biotopo babestuko bisitari jarioak erregulatzen dituzten langileei erakutsi beharko zaie tiket hori, paperean inprimatuta nahiz gailu mugikor batean deskargatuta.

Webgune horretan bertan lekuari buruzko informazioa eskaintzen da bai ikuspuntu turistikotik bai ondarearen, historiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik. Zehazki, kontu praktikoak azaltzen dira (nola heldu garraiobide publikoetan, erabil daitezkeen aparkalekuak, non dauden komunak, nolako oinetakoak behar diren, aholkuak beherantz oinez hasteko orduan...), bai eta ibilbideak eta sarbideak ere, eta agerian jartzen da historia- eta ondare-elementuen balioa eta leku hori gune babestu bihurtzea eragin duten elementuena.

Ticketing sistema berri hori abian jartzeaz gain, foru erakundeak beste berrikuntza batzuk garatuko ditu udan, jarduketa sorta baten barruan. Besteak beste, seinaletika berria jarriko da Gaztelugatxera doan errepidean, leku horretara nola heldu azaltzen duten seinaleak hobetzeko.

Hobekuntza-irizpide hori berori aplikatu da Gaztelugatxeko oinezkoentzako sarbideetan, azken hilabeteotan zaharberritze obrak egin baitira Ermutik eta Urizarretatik jaisten diren bideetan. Lehenengoak iazko azaroan hasi ziren eta aurtengo apirilean amaitu dira, aurkako meteorologiak baldintzatu baitzituen; eta haietan bide-zorua irristagaitzago bihurtu da, lehendik zegoena berrerabiliz.  Urizarretan, berriz, lanak aurtengo apirilean hasi ziren, eta burutzeko epea hiru hilabete eta erdikoa bazen ere, aste honetan amaitu dira. Alde horretan zoladura hobetu egin da, alegia, bidea egokitu egin da, jatorrizko trazadura eta zabalera errespetatuz, eta harri-zola jarri da Matxitxakoko harria erabiliz. Halaber, udazkenean zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira bide horretan zehar.

Gainera, datorren irailaren 30era arte, Aste Santuan gertatu zen bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du Bizkaibuseko A3517 linearen zerbitzu berri bat, ordu erdiko maiztasuna eskaintzen duena iraileko larunbat-igandeetan eta uztail eta abuztuko egun guztietan. Autobusak Bakiotik Bermeorantz irtengo dira 06:45etik 21:15era arte, jaiegunetan izan ezik; jaiegunetan 08:45 - 21:15 bitartean ibiliko dira. Eta Bermeotik Bakiorantz, 07:40 - 20:40 bitartean (jaiegunetan, 09:10 - 20:40 bitartean).