uriola.eus

Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia gaur hasiko da

  Kultura-aisialdia  Bilbo

Gaurtik 7ra 65 emanaldi izango ditugu. Horietako asko, aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen ari den Casilda Iturrizar Parkean izango dira. Aurtengo edizioan parkeak apainketa berezia edukiko du Hiriko ekitaldi nagusietakoa izango den jaialdiari ongi etorria emateko.

Guztira 26 konpainiak hartuko dute parte: 6 Euskal Herrikoak, 6 Estatuko gainerako lekuetakoak eta besteak, Frantziatik –kaleko antzerkiaren Europako erreferente nagusia– Erresuma Batutik, Italiatik edo Belgikatik etorritakoak. Euren lanak, dagoeneko ohikoak diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta baita dagoeneko aipatu den Casilda Iturrizar parkean ere. Aurten zirkuko karpa bi instalatuko dira parke horretan, eta baita kaleko arte eszenikoez gozatzeko zabalik egongo diren beste lau agertoki ere. Berrikuntza gisa, aurtengo edizioa Euskal Museoko kristalezko atari berrian irekiko da gaur.

Kalealdiaren edizio honetan euskal konpainia hauek euren azken lanak eskainiko dituzte: Ertza, Hika Teatroa eta Oinkari Dantza Taldea eta Zo-Zongó!!. Talde horien proposamenak dantza, zirkua, kaleko antzerkia edo clowna hartuko dituzte.

Horrela, Ertza konpainiak “Meeting Point” –Euskadiko Ikuskizun Onenaren saria 2017ko Umore Azokan eta Kaleko Ikuskizun Onena Arte Eszenikoen Max Sarien azken edizioan– aurkeztuko du ikus-entzuleen aurrean. Dantza garaikide ikuskizun pieza labur horretan dantzaren aurreko grina da nagusi, eta zenbait lengoaia agertzen zaizkigu, break dance-a edo hip-hop-a, besteak beste.

Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak eskainiko duten emanaldiak ere dantza osagarri handia izango du. “Sagartu” diziplina anitzeko kaleko ikuskizuna da, zuzeneko musikaz, antzerkiz eta dantzaz osatutakoa, umorez, pozez eta indarrez sagarrak, ez soilik gure herrialdean, Edeneko garaietatik gaur egunera arte izan dituen esanahi guztiak erakutsiko dituena. Hika antzerki taldeak, Oinkari dantza taldearekin batera, dantza eta antzerki jai handia eramango du agertokira, ikus-entzule guztiek bere ikusgarritasunaz eta orijinaltasunaz goza dezaten. Formatu handiko ikuskizuna, artista asko elkartuz agertokian, “Sagartu” ostiralean, uztailaren 6an, ikusi ahal izango da Areatzako kaian, gaueko 23:30etik aurrera.

Amaitzeko, Zo-Zongó!! Euskal konpainia izango da jaialdiaren aurtengo edizioari amaiera emango diona, uztailaren 7an, gauerdian, Areatzako Kaian. “Psycho-Clown” musika eta antzerki ikuskizunean, Jokerren aginduetara arituko diren zortzi pailazo zoro hirira helduko dira, dena hankaz gora jartzeko. Perkusioan dago oinarrituta batez ere, zenbait estilo eta erritmo joz. Ezustekoz betetako show-ak zalantza eta nerbio dosi altuak ditu. Hori guztia pirotekniaz eta danborren argien efektuez lagunduta.

Sarrerak, Areatzan egongo den Jaialdiko Informazio Bulegoan eskuratu ahal izango dira uztailaren 2tik 7ra (11:30-14:00 / 16:30-20:30) edo Casilda Iturrizar parkean bertan (17:00-21:00). Halaber, Euskal Museoko emanaldietarako ere gonbidapena beharko da, eta Areatzan dagoen Jaialdiko Informazio Bulegoan eskuratu ahal izango da uztailaren 2tik 6ra (11:30-14:00 / 16:30-20:30).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa