Aste Nagusia 2018

'Nola soinu halan zeinu' izango da Aste Nagusiko irudia

uriola.eus 2018ko uzt. 9a, 13:20

2018ko Aste Nagusiko kartel iragarlea. Kartelaren diseinua: Jone Etxaburu Garai

Jone Etxaburuk egindako kartelak iragarriko du aurtengo Aste Nagusia. Keinu hizkuntza eta mahi-tresnak nahastu ditu 40 urte beteko dituen jai aste handia irudikatzeko.

Jone Etxaburu Garaik irabazi du Aste Nagusiko kartel lehiaketa Nola soinu halan zeinu diseinuarekin. Mahai-tresnak esku bihurtu eta keinu hizkuntza bidez iragartzen dute aurtengo Bilboko jaien edizioa.

175 diseinu aurkeztu dira aurten, iaz baino %9,4 gehiago. Horien artean sei kartel finalista hautatu zituen epaimahaiak, eta uztailaren 2tik 6ra bitartean herritarrek Internet bidez gustokoena bozkatu ahal izan dute. Orotara 4.388 auzotarrek eman dute botoa.

Erabakia gaur argitu dute Udaletxean egindako ekitaldian. Irabazlea sistema misto baten bitartez aukeratu da: erabakiaren %33a bozketa presentziala izan da, %33a internet bidez egindako herritarren bozketa, eta %33a epaimahaiaren irizpidea. Epaimahaia Itziar Urtasun, Asier Abaunza era Goyo Zurro zinegotziek, Bilboko Konpartsetako ordezkari batek eta diseinu eta komunikazio arloko bost profesionalek osatu dute.

Sei finalisten artean Jone Etxabururen diseinuak botoen %32 lortu ditu. 40 urte beteko dituen Aste Nagusiaren irudia izateaz gain, 3.000 euroko saria jaso du irabazleak.

Kartela aukeratuta, gero eta gutxiago falta da Bilboko kaleak berriz ere jai giroan murgiltzeko.