Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak agindutako neurriak gauzatu gabe jarraitzen dutela ohartarazi du OEEk bart igorritako prensa oharrean.
Egun Bilbon etorkinak artatzeko aterpe bakarra dago, ekainaren 29an zabaldu zutena. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu du babesleku horrek ez duela harrera duinik bermatzen, eta instituzioei exijitu die agindutako 40 plazako aterpea martxan jar dezatela.
Orain arte hartutako neurriak “igarotze bidean dauden lagunei larrialdizko irtenbidea” ematera zuzenduta daudela adierazi dute plataformako kideek, izan ere, migratzaileei hiru eguneko aterpe eskubidea baino ez zaie ematen. Azaldu dute etorkin askorentzat “irtenbide eskasa” dela, “askok hemen garatu nahi dutelako haien bizitza”. Horregatik eskatu dute aterpea gauero beteta egon dadin, migratzaileek hiru gau baino gehiago bete arren.
Bestalde, bakarrik eta haurrekin iritsitako emakumeen egoera bereziari aurre egiteko “neurri zehatzak” eskatu dituzte, eta oraindik janari, arropa eta garbiketa pertsonaleko produktuak falta direla gogorarazi dute.
Era berean, “larritzat” jo dute “babes internazionala eskatu duten lagunek kalean lo egin behar izatea”. “Egiturazko arazoari irtenbide integral bat eman behar zaio”, adierazi dute prensa oharrean, eta “politika eredu berri bat” aldarrikatu dute.