Aste Nagusia 2018

Saioa Dominguez eta Zorion Egileor izango dira aurtengo txupinera eta pregoilaria

uriola.eus 2018ko uzt. 11a, 11:10

Saioa Dominguez eta Zorion Egileor

Zorion Egileor aktore eta musikariak eta Saioa Dominguez Aixeberriko konpartsakideak emango dute Aste Nagusiko pregoia eta txupina. Aurten 40 urte beteko dira Bilbon jai herrikoiak ospatzen hasi zirenetik.

Saioa Dominguez Hormaetxe Bilbotarra da eta 18 urte daramatza Otxarkoagako Aixeberri konpartsan parte hartzen. Biokimikan doktore, minbiziaren aurkako ikerkuntzan egiten du lan. Bera izan da aurten Bilboko Konpartsek txupinera izateko aukeratutako emakumea.

Bestalde, Bilboko Udalaren Jai Batzorde Mistoak Zorion Egileor Mundakarra hautatu du pregoilari. Aktore eta musikaria izateaz gain, 70eko hamarkadan Herri Irratiko esataria ere izan zen. Bertan, 1977ko abuztuan Lagun artean saioa egiten ari zela galdera hau bota zuen: "zergatik ez dugu Bilbon jai eredu herrikoirik?". Garai hartan Bilboko Jaiak "pribatuak" ziren eta "ordainduzkoak" ziren, eta irratitik Egileorrek hots egin zien hiriko jaiak herritarrentzat izan behar zirela uste zutenei Enao kaleko egoitzaren azpian elkartzeko.

Zorion Egileorren deiari erantzunez 5.000 pertsona inguru bildu ziren, "txistuak, panderoak eta hamaika ikurrinarekin".Oharkabean eta era inprobisatuan manifestazio alai bat antolatu zuten, Enao kaletik abiatu eta Plaza Berrian amaitu zena. "Irratiaren indarra eta jendearen gogoari esker" urte horretatik aurrera hasi ziren jaiak egun ezagutzen ditugun bezala antolatzen, herritarron eta konpartsen parte hartzearekin. 

Aurten 40 urte beteko dira konpartsak jai herrikoiak antolatzen hasi zirenetik. Ez da ordea 40. Aste Nagusia izango, izan ere, 1980. urtean  Udalarekin izandako ika-miken ondorioz ez baitzen Aste Nagusirik ospatu.