Bi dira Guztiontzat auzo elkarteak salatutako arazoak. Lehena, musikazaleak Kobetamendira igo daitezen Udalak Altamiran ezartzen duen taxi geltokiak auzoak duen sarbide bakarra kolapsatzen duela. Bigarrena, auzotik igarotzen diren Bilbobus linea bakarrak, 28a eta 58a, jendez gainezka daudela jaialdiak irauten duen egunetan, gehienezko edukiera gaindituz.
"Asteburuan sortutako zaborra eta zarata ez dira auzotarron kezka nagusiak, segurtasuna baizik", diosku Guztiontzat auzo elkarteko Elenak. Auzoko sarbide bakarrean taxi geltokia ezartzeak haien etxeetara sartzea oztopatzeaz gain, larrialdiren bat egotekotan aurre egiteko arazoak egon daitezkeela ohartarazi dute Altamirako auzokideek.
Duela urtebete helarazi zizkieten kezkok Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziari. Honek 2018ko jaialdirako neurriak agindu zizkien, taxi geltokia lekualdatzearena, adibidez. Urtebete igaro da eta egoerak "berdin" jarraitzen duela salatu dute auzokideek. "Oso haserre gaude eta gure pazientzia agortu da", azaldu digu Elenak.
Urte osoa daramate Alfonso Gilekin batzartu nahian. BBK Livek eragiten dizkien trabak arintzeko Udaleko beste sail batzuekin elkarlanean aritzen badira ere, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailarekin "ia ezinezkoa" egin zaiela adierazi dute Altamirako auzokideek. Gilek erantzunik eman ez edo hitzordua aldatu izan die azken hilabeteotan, eta auzokideak "nekatuta" daude.
Zinegotziarekin neurriak hartzeko denbora nahikoz biltzen saiatu ziren arren, azken hilabetera arte ezin izan ziren batzartu. "Iazko egoera berean jarritzen dugu. Hurrengo urtean neurriak hartuko dituztela agindu digu, baina gure konfiantza eta pazientzia agortu dira jada", onartu dute.
Gainera, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailarekin izandako harremana "desatsegina" izan dela, eta auzokideak "gezurtitzat" hartu dituztela salatu dute, esanez arazook "puntualak" direla. Zera erantzun dute Altamirakoek: "Egunotan ere guk lanera joan behar dugu eta etxera bazkaltzera joan, baina sarbideak jendez gainezka badaude ezinezkoa da. Etxera itzultzeko arratsalde osoa behar izatea arazo puntuala bada, orduan bai, gure problema puntuala da".
Alfonso Gilek agindutakoa bete ez duela salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, uztailak 12, Altamirako beheko autobus geltokian (Basurtu-Kaxtrexana 187). Kontzentrazioa 20:00etan egingo dute, "konponbideak eskatzeko".
"BBK Live go home!"
Bestalde, Bilboko Ernaik BBK Live "makrojaldiaren" jai eta hiri eredua kritikatu du. Besteak beste, festibalak ez duela ingurugiroa errespetatzen, ez dituela euskal nortasuna eta kultura aintzat hartzen eta prezio elitistak ezartzen dituela salatu du gazte antolakundeak.
"BBK Live festibala ustelek salmentan jarri nahi duten eskaparate hiriaren beste katebegi baino ez da. Ezin daiteke ulertu BBK Live orain gutxi burututako RedBull jauziez, azaroan egingo diren MTV European Awards, edota FIFA2020 Eurokopaz aparte, guztiak baitira puzzle beraren pieza ezberdinak", adierazi du Ernaik sare sozialetan zabaldutako ohar batean.