Mugak Zabalduz karabana ostiralean abiatuko da Italiarantz

uriola.eus 2018ko uzt. 12a, 13:11

2017ko karabanaren hasiera (artxibo irudia)

Europar Batasuneko "politika xenofoboa eta elkartasunaren kriminalizazioa" salatzeko uztailaren 13tik 22ra karabana egingo dute Ventimiglia, Sizilia eta Riacerara (Italia).

Ostiralean, uztailak 13, 08:00etan bi autobus abiatuko dira Bilboko Areatzatik. Italia hegoaldea dute helmuga eta Gironan geldiunea egingo dute beste herrietako jendearekin batzeko. 130 lagun inguru izango dira guztira Calabria eskualdean dagoen Riacerarainoko bidea egingo dutenak. Penintsulako 100 erakunde baino gehiagoko kideak dira eta bertoko udalak 1998an etorkinei harrera egiteko proiektua ezagutuko dute lehen eskutik. Italia hegoaldeko herri horretan, 22 herrialdetako 1.800 pertsonei atsedena hartu eta bizi berri bat eraikitzeko aukera dute proiektuari esker. 

Hirugarren urtea da Mugak Zabalduzek karabana antolatzen duela. Iaz Melillara egin zuten bidaia eta migratzaileen egoera hur-hurretik ezagutu zuten, besteak beste kontzertinadun hesiak, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak edota itzulketak. 2016an lehen karabana egin zen Greziaraino. Orduan, Europar Batasuna eta Turkiaren arteko ‘lotsaren ituna’ salatu eta joan-etorri segurua eta harrera duina aldarrikatu zuten Siriatik ihesean zebiltzan errefuxiatuentzat. 

Egitaraua

Uztailak 13: Bilbo - Donostia - Iruña – Gasteiz - Salt (Girona). Ekitaldi politikoa eta Karabanaren hasiera bateratua.
Uztailak 14: Salt-Ventimiglia: Muga franko-italiarrean manifestazioa, Italia eta Frantziako erakunde lokalek antolatuta.
Uztailak 15: Roya haranera edo Bardonechia eta Ventimiglia herrietan lanean diharduten pertsona zein erakundeekin topaketa. Genovan ontziratzea, Palermora abiatzeko.
Uztailak 16: Palermora helduera Harrera ekitaldia, afaria eta gaua igaro.
Uztailak 17, 18 eta 19: Palermo-Catania. Bertako taldeekin koordinatutako ekintzak.
Uztailak 20: Riacera iritsiera, ekintzak.
Uztailak 21: Riace-Civitavecchia. Bartzelonarako ontziratzea.
Uztailak 22: 20:30etan Bartzelonara heldu eta 8 ordu geroago Euskal Herrira.

 

Info+: mugakzabalduz.eus@MugakZabalduz; @errefuxiatuakB