Zergatik Ez! Orioko trainerua itsas zeharkaldia osatzea lortu du

uriola.eus 2018ko uzt. 16a, 09:40

Proiektu honetan parte hartzen duten 35 urtetik 57ra arteko 32 emakumeek Orio-Bilbo-Orio ibilbidea egitea lortu dute. Uztailaren 12an hasi ziren Gipuzkoako herrian eta ostiralean Bilbon egon ziren. Guztira 198 kilometro egin dituzte 4 etapatan.

Zergatik Ez! ekimena Gipuzkoako Orio herriko emakume talde baten —aurretiaz traineruetan batere esperientziarik ez zutenak— ideiatik sortu zen, emakume horiek modu desberdin eta berezi batez ospatu nahi zutelako 40. urtebetetzea: Orio-Bilbo-Orio itsasaldia arraunean eta etapaz etapa eginez.

Ideia zabalduz joan zen, eta azkenean 35 urtetik 57ra arteko 32 emakumek proiektua abiarazi zuten. Uztailaren 12an, ostiralean, hasi zen Gipuzkoako herrian Zergatik Ez! traineruaren itsasaldia, eta igandean, uztailaren 15ean amaitu dute hartu duten erronka. Beraz, guztira 198 kilometro egin dituzte 4 etapa desberdinetan.

Zeharkaldia traineru bakarrean egin dute taldekideek, tripulazioak txandakatu eta deskantsatzeko tartea izan zezaten. Azken kilometroak, ordea, bi txalupetan egin dituzte, eta taldeko 30 kidetik 26 arraunean ailegatu dira. Bilbon adierazi zutenez, taldean gozatzeko esperientzia bat da, eta, baita ere, nork bere burua hobetzeko erronka bat, baina proiektu honek, gainera, beste aukera hauek ere eskaini ditu:

  • Erakustea, adina edozein dela ere, hasi daitekeela jarduera fisiko bat egiten edo berriro hasi daitekeela egiten baldin eta lanagatik edo familiagatik albo batera utzi bada eta hainbat urtez ezer egin gabe egon bada.
  • Azpimarratzea emakumearen rola kirol-eremuan, eta aldarrikatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna,
  • Arraunketaren munduan sartzea arraunlari moduan, kirol hori oso lotua baitago euskal kulturari eta nortasunari, Euskal Herriko kostaldeko herri askoren iraganaldia gogorarazten baitigu.
  • Agerian ipintzea zer garrantzitsua den eguneroko bizimoduan ohitura osasungarriak hartzea.
  • Inguruneak eskaintzen duen naturaz gozatzea.