Aste Nagusirako hilabete bat gelditzen denean Bilboko Konpartsak Areatzan biltzen dira beraien eguna ospatzeko. Jaiari hasiera emateko 30 egun bakarrik faltatzen direnean, denak jai eremuan biltzeko eta indarrak hartzeko unea izaten da. Beraz, larunbatean egun osoko egitaraua prestatu dute.
Hasteko, goizeko 11:30ean konpartsen arteko Pintxo Lehiaketarekin abiatuko dira. Eguerdian umeentzako jolasak egongo dira Areatzan eta Euskolabelekin pipeerak eta tomateak banatuko dituzte. 12:30ean ardo dastaketa egongo da eta 14:30ean sariak banatuko dituzte, gero bazkaltzeko.
Arratsaldean musikaren unea izango da. 17:30ean Areatzako kioskoaren eszenatokian Ozen erromeria zuzenean egongo da jai giroa berotzeko. Erromeria bukatzean Motxila Band elektrotxarangak hartuko du testigua, Alde Zaharrera giroa eramanez eta jai egunari amaiera emanez.