BAD jaialdiaren edizio berria urrian izango da

uriola.eus 2018ko uzt. 18a, 12:57

Urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko da Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide (BAD) Jaialdia.

Programazioa Bárbara Bañuelos artistak –Cargo Collective– irekiko du urriaren 18an, BADen laguntzarekin ekoiztutako “Mi padre no era un famoso escritor ruso” dokumental eszenikoa eskainiz. Hurrengo egunean, ikus-entzuleek Unplush konpainia suitzarraren “Flipper” lanaren estatuko estreinaldiaz gozatu ahal izango dute, jatorria filmeko izurde ezagunean duen dantza, antzerki eta ikus-entzunezko pieza, Kathy izeneko izurde emea protagonista izanda. 

Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin, programazioak nazioartean ospe handia duten zenbait artista eta konpainia izango ditu, Estatuan “Tutuguri” izeneko soinu-dantza pieza estreinatuko duen Flora Detraz edo Parisen bizi den Sorour Darabi artista iraniarra, besteak beste. 2016an sortutako “Farci.e” ikuskizuna, lengoaia, genero identitatea eta sexualitatea, besteak beste lantzen dituen bakarkako dantza ikuskizuna da, eta bertan, generorik gabeko ama hizkuntza, farsia, duen, eta dena maskulinoa eta femeninoa den mundura eta hizkuntzara, frantsesera, egokitu behar den artista autodidakta baten talka erakusten du.

Kalitate eta plastikotasun handiko ikuskizuna da, baina, horrez gain, bat dator aniztasun afektibo-sexualeko balioak barne hartuko dituzten ikuskizunak hirian sustatzeko Bilboko Udalak duen konpromisoarekin.

“La FuNdicIOn”-eko programazioa, jaialdiaren laguntza duen Macarena Recuerda artista bisual eta eszenikoaren dantza-performance muntaketa batekin osatuko da. “¡AY! ¡YA!”, errealitatea, irudimenak iradokitako edo ikusmenaren engainuak sortutako hainbat modutan ulertzera garamatzan ilusioa da. Efektu horrek agerian uzten du gure begiak ez direla gertatzen den guztia grabatzen duten bideo kamerak, gure burmuinak gure sentimenek ematen diguten informazioa interpretatu eta egokitu egiten du.

PRESTAKUNTZA ESKAINTZA

Beste alde batetik, BADek, jaialdiaren hurrengo ediziorako prestakuntza eskaintza aurkeztu du, artista eta teknikari profesionalei eta erdi-profesionalei zuzenduta batez ere, eta ‘heartbeat’ dantza tailer bat eta errealitate handituari eta irudien bitartez espazio eszenikoaren sorkuntzari buruzko ikastaro bat jasotzen dituena.

Urriaren 19an, San Frantziskoko UdaltegianSandra Gómezek –Cricula 2018 Saria– bi ordu t’erdiko ‘Heartbeat’ tailerra eskainiko du; bigarren partean, adierazpenerako gaitasuna zabaltzera eta mugimenduaren gorputz, denbora eta espazio kontzientzia garatzera zuzendutako jarraibideak eta tresnak proposatuko dira. Bigarren parteak denbora jakin batean dantza egiteko ariketa proposatuko du, gorputzaren denbora, espazio eta energia mugak bilatuz. Tailerrak 5 euro balioko ditu, eta irailaren 19tik aurrera eman ahal izango da izena, BADen webgunearen bitartez. Dantza garaikidean oso prestakuntza zabala duen Sandra Gómez, gorputzean eta mugimenduan zentratutako proiektuetan ari da lanean 2012tik.

ATAErekin, Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin, lankidetzan antolatu den bigarren ikastaroa egun berean izango da, urriaren 19an, Burtsako udaltegian, eta errealitate handituan eta horrek arte eszenikoetan dituen aplikazioan adituak diren zenbait pertsonak hartuko dute parte. Oraingo honetan prestakuntza doakoa izango da, baina izena emateko datu pertsonalak (izena eta abizenak, helbide osoa, telefonoa eta e-maila) bidali beharko dira info@atae.org helbidera, eta 5 euroko fidantza ordaindu. Azkenean euren lekua betetzen duten partaideei zenbateko hori osorik itzuliko zaie. Irailaren 19tik aurrera eman ahal izango da izena.