Aste Nagusia 2018

Aste Nagusiko Txikigunea, etxeko txikien jaigunea

uriola.eus 2018ko uzt. 19a, 14:08

Txikigunea benetako “Balioen Uri Txiki” bihurtuko da familientzat. Bilboko Udalak etxeko txikienek, 0 eta 12 urte bitartekoek, ikasten eta balioetan hezten diren bitartean jaietan ondo pasatzeko programa bat prestatu du.

Aurreko edizioetan bezala hauxe da goiburua: “Txikiguneko izarrak pizten: atera barruan duzun hori. Saca la estrella que llevas dentro”. Udalak balioak landu gura ditu, batez ere, ilusioa, esfortzua eta bizikidetza, eta familien artean sustatu gura ditu, olgetan ere ikasiz. “Bilbao, Balioen Hiria proiektu estrategikoaren mezua indartu gura du udalak balioekin eta izarrekin jolastuz; eta Bilbo umeekiko uri adeitsua gisa finkatu. Aurten uriko txikienekin batera balioen uria eraiki gura izan dugu. Aste Nagusi guztietan Balioen Uri Txikia dugula esan dezakegu” esan du Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek.

Txikigunea Aste Nagusiko lehenengo domekan inauguratuko dute; hau da, abuztuaren 19an eta hilaren 26ra arte egongo da zabalik, 11:00etatik 14:30era, goizez, eta 16:30etik 20:00etara, arratsaldez. Uriko umeek konstelazioekin zerikusia duten jarduera asko izango dituzte “Maitezitu” espazioan eta hor maitasunez ikasiko dute. “Pozaktibatu” gunean, ordea, alaitasuna aktibatuko dute; eta “Bilziklatu” espazioan jasangarritasuna eta birziklatzea izango dira landuko dituzten gaiak. Azkenik, “Elkaraniztu” espazioan elkartasuna eta aniztasuna landuko dituzte.

POZAKTIBATU (5-12 urte)
Poztasuna eta Aktibotasuna uztartzen dira (poztasuna aktibatzea). José Anselmo Clavé pasealekutik Darío de Regoyos kalera arteko zatian egongo da eta txikienentzat izango da. Hurrengo jarduerak izango ditu:

  • Poztasunaren makina: puzgarri ezberdinez osatutako zirkuitu itxia, barruan dugun poztasun guztia aterarazi egingo diguna.
  • Izar Zoroak eta Izar splash: urarekin erlazionatutako ekintzak, barruan dugun poztasuna aktibatzeko.
  • Izarrekin jolasten: familiak olgetan egoteko jolasak.
  • Izar jokoak: etxeko izar txiki eta handientzako jokoa.

BILZIKLATU (5-12 urte)
Bilbo eta Birziklatu kontzeptuen uztarketa da. Udalak ingurumena zaintzeko duen konpromisoa agerian geratzen da espazio honetan. Jasangarritasuna eta birziklatzea dira gaiak. Parkeko iturri zibernetikoaren ondoan egongo da. Hauek dira egin ahal izango diren jarduerak:

  • Bilzikla: birziklatzeko tailerraren espazioa izango da, tailer autodidakta bat izango da, irudimena lantzeko.
  • Izarrak zaindu: arrantzaleak izango gara eta birziklatzeko gaiak harrapatuko ditugu.
  • Izar mezulariak: tailer magikoa eta sortzailea non parte-hartzaileek bere irudimena erabiltzen duten mezu ezberdin helarazteko hainbat sentimendu eta balore landuz.
  • Egurrezko izarrak: barre egiteko eta olgetan ikasteko eskuz egindako egurrezko jolasak 20tik gora dira.

ELKARANIZTU (5-12 urte)
Elkartasun eta Aniztasun kontzeptuen batuketa da. José Anselmo Clavé eta saskibaloi-kantxa zaharraren artean kokatuta. Gune honek ekintza hauek izango ditu:

  • Izar txiki izar handi: umeek aurpegia makillatzeko tailerra.
  • Izar Barritxu: irrati-uhinez ikasteko aukera.
  • Izarren Behatokia: informazio puntua eta zerbait hartzeko txosna.
  • Marijaia Txiki stand-a: Marijaia Txikia egongo da erakusketa-stand honetan.
  • Bilboko Izarra (gargantua): Bilbok bere-bereak dituen pertsonaien artean Gargantua dago.
  • Izar korapiloa: izarren laberintoa.
  • Izar disdira: Photocall dibertigarria, izarrak distiraz islatuta agertzeko argazkiak egiteko lekua.

 

IDENTIFIKAZIO ESKUMUTURREKOAK
Txikigunean jendea lasai eta seguru egoteko udalak 10.000 eskumuturreko banatuko ditu umeak galduz gero euren arduradunak identifikatzeko eta horiekin harremanetan jartzeko. Txikigune barruko Izarren Behatokian har daitezke don zenbat-gura eskumuturreko.