Uztailaren 22an, eguerdiko 13:00tan Otxandion Andikonako bonbardaketan hildakoei omenaldia egingo diete. Izan ere, 1936. urteko egun horretan, herria bonbardeatua izan zen, guda zibila hasi eta 4 egunetara, Andikona plazan 60 hildako baino gehiago eraginez (gehienak herritar arruntak eta umeak).
Historia liburuetan ekintza hau Europan biztanleria zibilaren aurka izandako lehen bonbardaketa moduan ageri da. Bonbardaketa honen ondoren beste hainbat etorri ziren gudak iraun zituen hilabete eta urte luzeetan, eta berauekin fusilatuak, erbesteratuak, presoak, torturatuak, zaurituak, etab. Aurten 82 urte beteko dira, eta urteurrena gogoratuz, Otxandioko udalak eta Memoria Historikoa lantzen ari diren herritar eta elkarteek hainbat ekimen antolatu dituzte urtean zehar biktimak gogoratu, omendu eta krimen horien erantzuleak salatzeko.
Ekintza horien artean dago datorren igandeko omenaldia. Ekitaldi honetan guda zibilaren lekuko izan ziren herritarrek eta berauen memoria berreskuratzeko ahaleginean diharduten lagunek parte hartuko dute.