Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua eratzeko ekitaldia egin da Bizkaiko Foru Aldundian

uriola.eus 2018ko uzt. 23a, 09:47

Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua

Hogeita bat erakundek osatzen dute Akademiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua, eta, besteak beste, euskararen lurraldeetako erakunde garrantzitsuenak daude hor. Gogoratu behar da Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean hasi zela, Ramón de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu diputatu nazionalistek proposamena aurkeztu zutenean Bizkaiko Aldundiaren osoko bilkuran.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Jauregia aukeratu dute Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua eratzeko ekitaldia egiteko. Hogeita bat erakundek osatzen dute Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua, eta, besteak beste, euskararen lurraldeetako erakunde garrantzitsuenak daude hor.

Uztaileko Osoko bilkura profitatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu Jauregiko Batzarraldi Aretora. Osoko bilkura amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia, non hitz egin duten Iñigo Urkullu Lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordeak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

1918: Landaburu eta Elgezabalen proposamena

Gaurko Osoko bilkura Bizkaiko Foru Aldundian egiteak badu funtsa. Izan ere, Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean abiatu zen, zehatz-mehatz urtarrilaren 12an, Ramon de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldunek Euskararen Akademia -izen hor jarri zioten hastapenetan- bat sortzeko proposamena aurkeztu zutenean, Aldundiaren Osoko bilkuran eztabaidatua izan zedin; proposamena onartu zuen Bizkaiko Aldundiak, 1918ko urtarrilaren 25ean eginiko bilkuran. Euskaraz egin zen, eta argi azaldu zuen euskararen etorkizunerako behar-beharrezkoa zela erakunde baten sorrera. Hona hemen:

                «Lenen-lenen ba, bidia atondu beaŕ, beragandik ondo ibilteko ta bera zuzen erabilteko. Biaŕ-añeko notiñen Bazkun bat, aldiak batak bestiakin azteŕtu ta aldan ondoen erabagiteko; utsunak bete; itzen ikuŕpena eta esanguria tinkotu-idazkera bat jaŕi; izkelgiak bata be ezetsi barik eta alkaŕe geitu ta aberastuta baino, orobatu; idaztiyak bildu, eta azkenez, izkera gaŕbi, makezbako jakintz-lanetarako egoki ta erabilkoŕa, eusko-eŕien gaigaŕia, emon dagizkun».