Aste Nagusian egun guztiak dira bereziak, baina berezien artean bereziena asteartea izaten da. Egun horretan, goizeko lehen ordutik, egunaren bukaerara arte, Areatza jendez gainezka egoten da. Izan ere, goizeko 8ak aldera, txosnak itxi eta jai gunea garbitzen duten bezain pronto heltzen dira lehenengo partaideak Bilbora patata tortilla lehiaketarako txoko bat hartzeko.
Lehiaketa hori da partaide gehien biltzen duena eta leku on bat hartzeko goi heltzea dakar. Aurten ere 400 tortilla baino gehiago aurkeztu dira, eta epaimahaiak lan izugarria izan du onena zein den aukeratzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez: "Urtero gero eta tortilla gehiago aurkezten dira, jendeak lehiaketa hau oso gustoko du eta sortzen den giroa apartekoa da. Maila ere gero eta altuagoa da, lehiaketa irabaztea ez da batere erraza."
Horrekin bat, igel lehiaketa egon da Karpagunean, Askapeña konpartsaren aurrean. Bilboko jolas klasiko honek hainbat partaide biltzen ditu urtero eta iturria igelaren ahoan sartzeko gai direnak daudela ikusi arazten du. Horren ostean Aste Nagusiko beste klasiko bat ospatu da, Abante konpartsak antolatzen duen mus txapelketa.
Karten joko honek zale asko ditu bai Bilbon, bai Euskal Herri osoan zehar, eta horregatik izena lehiaketa hasi baino egun batzuk lehenago eman behar da. 128 bikotek parte hartzen dute lehiaketan eta gutxitan egoten da azken momentuan parte hartzeko aukera.
Goizean ere Tintigorrik xake txapelketa antolatu du. Hainbat partaide bildu dira metroaren irteeraren aurrean xakean aritzeko. Horrez gain, festan murgiltzeko, marianito musikatua egin dute Euskalguneko kideek. Beraz, goiz berezia izan da gaurkoa.