Aste Nagusiko garbiketako operatibo berezia prest dago

uriola.eus 2018ko abu. 13a, 10:46

560 garbiketa langile eta 60 lorazain arduratuko dira Bilbo garbi edukitzeaz, bai kaleetan eta oinezkoen alderdietan, bai parkeetan eta lorategietan. Horrez gain, banakako 231 komun publiko izango dira guztira.

Udalak garbiketa-zerbitzu berezia aurreikusi du Aste Nagusi osorako. 560 langilek eta 117 ibilgailu eta makinek osatutako zerbitzu berezia arduratuko da Aste Nagusiaren edizio honetan hiriko jai-esparruak garbi uzteaz, gaueko gehiegikeria saihestezinen ondoren. Langile horietatik 264 jaietan soilik arituko dira.

Garbiketa-taldeei euren lana egiten uzteko eskatzen zaie herritarrei. Lan hori goizeko 06:00etan hasiko dira egiten Areatzako jai-esparrua garbi-garbi egon dadin 11:30erako. Plaza Biribilean ere oso azkar egin ohi dira lanak, ahalik arinen uzteko libre ibilgailuen zirkulaziorako.

Bestalde, uria garbi edukitzen laguntzeko, beste 249 edukiontzi ipiniko dira, kale-zurrutaren ondorioekin zeharo amaitzeko. Aste Nagusiko jai-esparruetan jarriko dira. 16 langilek eta 4 ibilgailuk osatutako talde berezi bat gertu egongo da kale-edanaren hondakinak ahalik eta arinen ezabatzeko, Abandoibarran, Campo Volantinen, Botikazarrean, Casilda Iturrizar parkean, Indautxu plazan, Bizkaia plazan, Uribitarten, Bizikidetasun plazan, Albia lorategian, Quintana plazan, Naxa kaian edo Europa parkearen inguruetan, besteak beste.

 

KOMUN PUBLIKOAK

Jai-esparruan zenbait tamaina eta motatako moduluak jarriko dira; banakako 231 komun izango dira guztira; horietako 80 komun kimikoak dira, 135 urez garbitzekoak eta, beraz,pertsona bat egongo da han garbiketa egiteko eta komuneko papera emateko; denek dituzte konketak eta ispiluak. Beste 16 komun mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat izango dira.Komun horiez gain, gizonezkoentzako 90 pixatoki jarriko dira; hortaz, aldi berean 200 pertsona inguruk erabili ahal izango dituzte. Areatzan emakumeentzako 6 pixatoki ere egongo dira.

Komunak jai-guneetan banatuko dira, hala nola barraketan, txikigunean, Areatzan, Arriagan, Plaza Biribilean, Epaltzaren alargunaren kalean, Plaza Barrian, Foru kalean, Bailenen (tren-geltokiaren aurrean), Guggenheimen eta Uribitarten, besteak beste. Azkenik, aipatu behar da komun horiek guztiek etengabeko mantentze eta garbiketa-zerbitzua dutela eta Areatzan eta Arriaga Antzokiaren ondoan kokatutakoak eguneko 24 orduetan egongo direla zabalik. Komun horiei, urian han-hor-hemen lehendik dauden dauden eta urte osoan erabiltzen diren 50 komunak gehitu behar zaizkie.