Zorion Egileor eta Saioa Domínguez izango dira Pregoilari eta Txupinera

Zorion Egileor aktore, konpositore eta irratiko esataria arduratuko da datorren zapatuan, abuztuak 18, Bilboko Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia irakurtzeaz. Saioa Domínguez, Aixeberri konpartsakoa, berriz, Arriaga antzokiko balkoitik txupina jaurtiko du.

Zorion Egileor aktore, konpositore eta Herri Irratiko esataria arduratuko da datorren zapatuan, abuztuak 18, hiriko jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzeaz. Mundakan jaio zen Egileor, 1946an, eta 1977ko abuztuan egin zen lehenengo kalejiraren —Aste Nagusiko jai herrikoien hasiera— bultzatzaileetako bat da.

Beste alde batetik, Bilboko Konpartsek Saioa Domínguez bilbotarra izendatu dute Aste Nagusiko txupinera 2018ko edizio honetan. Bilbon jaio zen 1982an, eta Aixeberri konpartsakoa da orain 18 urtetik hona. Domínguez Biokimikan doktorea da, eta minbiziaren kontrako ikerketan ari da. Haren ardura izango da, beraz, Arriaga antzokiko balkoitik Aste Nagusiari hasiera emango dion txupina jaurtitzea.

Aurkezpen honetan, lehen aldiz jantzi dituzte Saioa Domínguezek eta Zorion Egileorrek pregoilariaren jantzi tradizionala —jaka horia eta bi adarreko kapela beltza— eta txupinerarena —jaka eta txapel gorria—, jantzi horiek izango baitira jai-egun guztietan, abuztuaren 18tik 26ra arte, soinean eramango dituztenak.