Bilboko Udalak umeentzako programa zabala eta askotarikoa prestatu du 2018ko Aste Nagusirako. Uriko umeentzat beste batzuen artean, ekitaldi hauek antolatu dituzte: puzgarriak, bolen piszina, rokodromoa eta magia, denak Txikigunean; umeentzako kaleko antzerkia Gaseko plazan; Erraldoiak eta Buruhandiak; Bilboko balerik ezagunena, Bali; Go!azen taldearen kontzertua, gaztetxoak dantzan eta kantuan aritzeko euskal pop-rock-eko doinuen erritmora. Euskal folklorea eta herri kirolak ere izango dira familian gozatzekoak, horiek ere egongo baitira Aste Nagusian. Jarduera horiek guztiak doakoak dira, adin eta era guztietako umeentzat.
TXIKIGUNE, EKIMEN NAGUSIA
- Casilda Iturrizar parkean.
- Domekatik domekara, hau da, hilaren 19tik 26ra.
- 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.
- 0 eta 12 urte bitarteko umeentzako 24 jarduera.
- Txu-txu trena Bilboko Udaletxetik Casilda Iturrizar parkera, 25 minuturik behin.
Aurten ere Txikigunea izango da Aste Nagusian umeen programazioaren gune nagusia. “Txikiguneko izarrak pizten: atera barruan duzun hori. Saca la estrella que llevas dentro” goiburuaz, Bilboko Udalak ilusioaren, esfortzuaren eta elkarbizitzaren balioak sustatu nahi ditu jolasen eta ikaskuntzen bidez.
Aurreko urteetan legez, Txikigunea Casilda Iturrizar parkean jarriko da, abuztuaren 19tik (domeka) 26ra (domeka), 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.
Txikiguneak 4 gune izango ditu: “Maitezitu” espazioan (0 eta 4 urte bitarteko umeentzat), maitasunez ikasiko dute; “Pozaktibatu” gunean (5 urtetik 12 urtera), alaitasuna aktibatuko dute; “Bilziklatu” espazioan (5 urtetik 12 urtera) jasangarritasuna eta birziklatzea landuko dituzte; eta azkenik, “Elkaraniztu” espazioan (5 urtetik 12 urtera) elkartasuna eta aniztasuna landuko dituzte. Guztira, 24 jarduera 0 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoentzat, tartean puzgarriak, ludoteka, arrantza, bolen piszina, rokodromoa, magia, makillaje-tailerrak, birziklatzea eta irratia.
Aste Nagusiaren 40. urteurrena dela-eta, abuztuaren 24an (barikua), arratsaldez, urtebetetze-jaia egingo da Txikigunean; diskoteka eta txokolate-jana egingo dira. Udalak txu-txu trena jarriko du familiak Bilboko Udaletxetik Casilda Iturrizar parkeko geralekura doan eramateko. Tren biak 25 minuturik behin aterako dira.
UMEENTZAKO KALE ANTZERKIA EGUNERO GASEKO PLAZAN
- Gaseko plaza
- Domekatik domekara, hau da, hilaren 19tik 26ra.
- 19:30ean, lehenengo domekan izan ezik, egun horretan 20:00etan izango baita.
- Zeinuen hizkuntzako interprete bat egongo da /testu gutxiko antzezlanak
Gaseko plaza, abuztuaren 19an (domeka) hasita, umeentzako kaleko antzerkiaren gune bihurtuko da; magia, akrobaziak eta ume ona gainezka.
- Hilaren 19an: ZIRIKA ZIRKUS “Tren geltokia” (Euskadi). Zeinuen hizkuntzako interpretea.
- Hilaren 20an (astelehena) : 1CIA CHACOVACHI Y MAKU FANCHULINI, “Fritos refitos” (Argentina).
- Hilaren 21ean (martitzena): NIÑO COSTRINI “Crazy Mozart” (Argentina).
- Hilaren 22an (eguaztena): DEABRU BELTZAK “Denboran dantzan” (Euskadi). Zeinuen hizkuntzako interpretea.
- Hilaren 23an (eguena): TXAN MAGOA “Inpernutik natorrren artista bat naiz” (Euskadi)
- Hilaren 24an (barikua): PANPOTX Kultur elkartea “Baserrian jai” (Euskadi). Zeinuen hizkuntzako interpretea.
- Hilaren 25ean (zapatua): MARKELIÑE “Chef nature” (Euskadi). Testu gutxi
- Hilaren 26an (domeka): SHAKTI OLAIZOLA “Baldin bada” (Euskadi). Testu gutxi
ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK EUSKAL MUSEOTIK
- Irteera Euskal Museotik.
- Domekatik domekara, hau da, hilaren 19tik 26ra.
- 11:00etan.
Erraldoiak eta Buruhandiak egunero irtengo dira Euskal Museotik, goizeko 11:00etan, umeak ondoan dituztela uriko kaleetan zehar ibiltzeko.
Aste Nagusiko azken egunean hilaren 26an (domeka), Erraldoien Kontzentrazioa egingo da Euskadiko zenbait lekutatik etorriko pertsonaiekin. Areatzan elkartuko dira, besteak beste Sanduzelai (Iruñea), Arrasate, Kanbo, Irrintzi (Donostia), Ondalan Txikirekin (Deustu) eta Mairuek-Gaztedi (Bilbo) taldeak.
Gainera, abuztu osoan zehar Erraldoiak eta Buruhandiak Euskal Museoko klaustroan egongo dira ikusgai; sarrera doakoa da.
BALI, OLAGARROA, TXANGURROA ETA BISIGUA
- Irteera Plaza Biribiletik.
- Abuztuaren 19an (domeka).
- 19:00etan
Domekan, hilak 19, 19:00etan, Bali eta Olagarroa, Txangurroa eta Bisigua bere familia, Plaza Biribilean hasi eta Bilboko Kale Nagusian gora ibiliko dira, txikienen artean ezagunena den “Balearen desfilea” desfilean.
GO!AZEN ABANDOIBARRAN
- Abandoibarran.
- Abuztuaren 25ean (zapatua).
- 18:00etan.
Aurtengo Aste Nagusiko musika-eskaintzan gaztetxoenek ere izango dute lekua; hain zuzen ere, hilaren 25ean (zapatua), Abandoibarran, 18:00etan hasita, Go!azen telebistako saio arrakastatsuak dantzan eta kantuan jarriko ditu neskato-mutikoak, euskal pop-roka-aren bertsio ezagunenekin. Beste aukera bat familia osoarentzat.