Gaur goizean ehun bat emakumezko konpartsakide elkartu dira Bilboko Areatzan hedabideen aurrean agerraldia egiteko, astebete baino gutxiagoan txosnagunea izango den lekuan bertan. Han argi adierazi dute erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dutela, eta “Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu” leloa zeraman afitxa erraldoia erakutsi dute. Hain zuzen ere, emakumeek askatasun osoz gozatuko dituztelako jaiak, gizonezkoek haien espazioa eta erabakiak errespetatuko dituztelako, eta elkarren zaintzaren kultura gailenduko delako jai-eremuan. Eta lelo horrekin beteko dute Areatza osoa, ezkiek eutsiko baitituzte banderin moreak, aurten nagusituko den mezua ondo erakusteko.
“Emakumeok aske gozatuko dugun Aste Nagusia nahi dugu; gure gorputzak eta gure erabakiak errespetatuko diren jaien parte izan nahi dugu. Elkarlanean eta elkar zainduz, herritik jaiotako urteko asterik luzeena oraindik ere herrikoiagoa egin behar dugu eta horretarako balore feministen aldarria ezinbestekoa da”. Hala adierazi dute Bilboko Konpartsetako bozeramaleek.
Atzera begira jarri dira, eta memoriara ekarri dute nola emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko aldarrikapenetarako bigarren mailako plazak ziren herrietako jaiak, oro har. Egunerokotasunetik eta ohiko jokabideetatik urrun geratzen ziren momentu gisa hartzen ziren jaiak, eta, hortaz, hausnarketa berezirik eskatzen ez zuen zerbait gisa ikusten zituzten.
“Baina jaiak bizitzaren zentroan daude”, Bilboko Konpartsetatik gaur azaldu dutenaren arabera, “ideien eta balioen munduarekin lotzen gaituztelako festek, gizartearen egiturari, eta pertsonen arteko harremanei erreparatzen dietelako, oro har, eta, bereziki, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanei erreparatzen dietelako”.
Horregatik, agerraldian azaldu dutenaren arabera, “ezinbestekoa da festen gozamena erabatekoa izan dadin, emakumeon autonomia oztopatzen duen edozein jarrera nahiz eraso sexistari aurre egitea. “ Konpartsek, orain dela hamar urte hasitako jai parekideen aldeko ibilbidean asko ikasi dutela aitortu dute, eta, gaurkoan, aurrera egiten jarraitu nahi dutela eta konpromiso hori berretsi nahi dutela adierazi dute.
“Jaiak guztionak izan daitezen eta emakumeok zapalkuntza patriarkalik gabe bizi ditzagun beldurra gutxitu eta jarrera erasokor eta matxistei hortzak erakutsiko dizkiegu”, adierazi dute irmoki; “erasorik gabeko jai-gune aske bat marraztuko dugu, lasai eta eroso sentituko garen jai-gunea eraikiko dugu denon artean”.
Eta emakumeei ukatutako gozamena defendatzeko errezeta ere azaldu dute: emakumezkoen arteko sareak indartzea, norbera izanda, lotsarik izan gabe, autodefentsa landuz eta errespetuzko jai-giroa behar den guztietan aldarrikatuz.
Jaietan dauden desberdintasunen adibideak ere eman dituzte: aisiaren kudeaketa, dibertsio momentuak eta espazioak nortzuk gainbetetzen dituzten, eta egun horietan ere zeintzuk eusten duten zaintzaren alderdia.
Jai-guneetan ere, emakumeen eta gizonen arteko harreman-eredu berriak eraikitzeko lan egin behar dela aldarrikatu dute Bilboko Konpartsetatik, elkarren zaintzaren kultura gailenduko den eredu baten alde egin dute, non erasoen aurrean ardurak konpartituak izango baitira, non heteronormatibitatea zalantzan jarriko baita, non emakumeak beren desioen protagonista izango baitira eta gizonek emakumezkoen gozamenerako eskubidea errespetatuko baitute. Eredu bat non emakumeek festan izango duten parte-hartzea osoa izango baita.
Aurreko proposamenetatik urruntzen da, Konpartsen iritziz, emakumeen menpekotasuna indartzen duten beldurraren teknologia anitzak, eta, ondo azaldu dutenez, “gure esku dago bestelako bide askatzaileagoetan sakontzea”.
Azken urteotan bezalaxe, edozein eraso gertatzekotan Bilboko Konpartsek babesa eta informazioa eskainiko dutela azaldu dute. Edozein modutan, herritarren arreta eskatu dute, erasoen aurkako protokoloa aktibatzen bada adi egon eta mobilizazioekin bat egin ahal izateko.
“Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu” izango da, bada, datorren larunbatetik aurrera nagusituko den mezua eta jarrera. Aldarrikapen horrekin beteko dute jai-gunea Konpartsek, Areatzatik zehar Zazpi Kaleen barneretaraino, erasorik gabeko jai-gune askea eraikitzeko, gehiegikeriarik gabekoa, irainik eta jazarpenik gabekoa, erasorik gabekoa.