Aste Nagusia 2018

“Jai herrikoi eta parte hartzaileak lapikoetan ere bizi izaten ditugu”

uriola.eus 2018ko abu. 13a, 13:08

BKAFF aurkezpena. Argazkia: Bilboko Konpartsak

Bosgarren urtea beteko du ‘Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival’ (BKAFF) lehiaketak. Aurtengo protagonista bakailaoa izango da eta parte-hartzea bultzatzeko erraztasunak izango direla aurreratu dute antolatzaileek.

‘Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival’ (BKAFF) txapelketaren V. edizioak lau egun izango ditu, plater bakoitzeko bana: txipiak euren saltsan, marmitakoa, bakailaoa bizkaitar erara eta bakailaoa pil-pil saltsan.

Antolatzaileek ekimen honen izaera herrikoia azpimarratu dute, Aste Nagusiaren jai ereduari jarraiki eta slow food zein kilometro zero filosofiarekin bat eginda, parte-hartze herritarra sustatzen duelako: “Jai herrikoiak eta parte hartzaileak lapikoetan ere bizi izaten ditugu”.

Hori horrela, gazteen parte hartzea bultzatzeko hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte antolatzaileek.

Esaterako, bertoko produktuak erabiltzeko filosofia mantenduz, osagaiak “prezio ekonomikoan” erraztuko dituzte. Gainera, ostiralean, pil-pil erako bakailao-lehiaketaren egunean, urtebetetze-menua antolatu dute, txapelketa “oraindino herrikoiago” bilakatzeko.

Bestalde, ostegunean, abuztuak 23, 500 bakailao-pintxo banatuko dituzte Areatzan, pil-pil, bizkaitar eta Ranero klubeko erara prestatuta. Ostiralean gaztetxoenek bakailao kokotxak pil-pilean prestatuko dituzte, Euskal Txiki Masterraren baitan. Egunean bertan Zigor Iturrieta eta Juantxu Larrucea sukaldari ezagunek lagunduta, Showkaldaritza saioa egingo dute.

BKAFF ekimena borobiltzeko ‘V. Koilara Handia Saria’ Herri Irratiari eman diote, “bilbotar denen egunerokotasunari eta sukaldaritza ezagutarazteko egiten duen ekarpenagatik”. Saria Jesús Mari Orella Herri Irratiko kudeatzaileak jaso zuen abuztuaren 7an, kazetari eta langile guztien izenean.