Konpartsek ostiralean egin zuten Aste Nagusiaren aurkezpena, txupina jaurtitzeko zortzi egun falta zirenean. Areatzan bilduta, lau hamarkadetan ehundutako “jai-eredu paregabea” azpimarratu zuten “harro”, eta beste hainbeste urte betetzeko asmoa argi utzi zuten.
Sinesgaitza dirudien arren, duela 40 urte ez zegoen Aste Nagusirik. Bilboko jaiek apenas zuten oihartzunik hiritarren artean eta abuztuan kalean hutsik geratzen ziren. 1977an, ordea, dena aldatu zuen kalejira antolatu zuten hainbat bilbotarrek jai herrikoien alde, tartean aurtengo pregoilari izango den Zorion Egileor aktore, musikari eta kazetaria zela.
Hurrengo urtean ospatu ziren Bizkaiko hiriburuko lehen jai herrikoiak: egun ezagutzen dugun Aste Nagusia. Mari Puri Herrero artistak egin zuen Marijaia eta “kapotarik gabeko Dyane 6 batean eraman zuten Begoñara”.
Geroztik, 40 urte hauetan “pozteko arrazoiak” pilatu dituztela uste dute Bilboko Konpartsek, eta 2018ko Aste Nagusia “benetan Nagusi” egin nahi dutela ohartarazi dute. Hala ere, gogorarazi dute bidea ez dela beti “samurra” izan, “zailtasunak, jai-ereduaren aurkako erasoak, debekuak eta pribatizazio saiakerak” izan baitira tartean. Horregatik eskertu dute hiritarren parte-hartzea eta konpartsakideen lan boluntarioa.
Aurtengo kartelean bezala, konpartsen aurkezpena ere zeinu-hizkuntzan egin zuten. Gainera, konpartsakideek ikastaroak egin dituzte jai-eremura hurbiltzen direnei “gutxieneko informazioa keinu-hizkuntzan ere eman ahal izateko”.
Urte osoko lanaren ostean, larunbatean emango diote hasiera Aste Nagusiari, bederatzi egunez hiriko bazter guztiak jai giroaz beteko dituena.