Bilboko Konpartsek Udalak Aste Nagusian jarritako trabak salatu dituzte

uriola.eus 2018ko abu. 14a, 16:13
2017ko Aste Nagusiaren balorazioa. Artxibo irudia

Konpartsek adierazitakoaren arabera ez da kaleko zinemarik izango Udalak azken orduan jarritako traben ondorioz, eta Euskal Museoan egingo den 40. urteurreneko erakusketarekin desados agertu dira.

Gaur kaleratutako adierazpenean Udalaren lankidetzarako borondate eskasa, jarrera bertikala eta jarritako trabak salatu dituzte Bilboko Konpartsek.

Komunikatuan azaldu dute Udalak kaleko zinema Gas plazan egiteko baimena ukatu diela, jaiak hasteko 11 egun baino ez zirenean falta eta Babes Zibilaren oniritzia zutenean. Kaleko zinema Aste Nagusiko hasierako urteetako jarduera garrantzitsuentarikoa zen eta 40. urteurreneko berrikuntzetako bat berau berreskuratzea zen. Bertan, Aste Nagusiaren 40 urteko ibilbidea laburtzen duen Amets Nagusiak dokumentala proiektatzekoak ziren. Gainera, ekimena “alkoholaren kontsumoaren alternatiba” dela eta “festa beste modu batez egiteko aukera” eskaintzen duela adierazi dute Bilboko Konpartsek, Udalaren jarrera ulertu ezinik.

Bestalde, Euskal Museoan izango den Aste Nagusiaren 40. urteurreneko erakusketa prestatzeko prozedurarekin desadoz agertu dira konpartsak. “Erakusketa hori ez dugu gure sentitzen, ez ditu betetzen gutxienekoak erakusketa duin bat dela esateko”, argitu dute komunikatuan.

Erakusketa Jai Batzorde Mistoaren egitarauaren baitan zen aurkeztekoa eta konpartsek espozizioa elkarlanean prestatzeko eskatu zioten Udalari. Hauen esanetan, ordea, Udalak “borondate gutxi” erakutsi du erakusketa elkarrekin antolatzeko, eta “atzerapenek, ekimenaren esternalizazioak eta lankidetzarako borondate falta” direla medio, “erakusketa ez da izango 40 urte horien isla”.

“Marijaiaren kareta, txupinera eta pregoilari jantziak, txupinak jaurtitzekoak, Amets Nagusia dokumentala, 40 urteetako hainbat protagonistaren testigantzak, eta abar luze bat. Horiek denak galduko dituzte bilbotarrek; akaso 50. urteurrenerako elkarlaneko ikasgaia ikasiko du baten batek…”, adierazi dute.

Konpartsen federazioak jaietako “lankidetza izpiritua aldarrikatu” eta “elkarlanerako deia” luzatu dute.