Belaunaldi arteko mobilizazioa

uriola.eus 2018ko abu. 17a, 10:19
Maiatzaren bosteko manifestazioa. Artxibo irudia

Bizkaiko pentsiodunek manifestazioa deitu astelehenerako. “Jai giroan” eta “belaunaldi ezberdinen arteko parte hartzearekin” egingo dute mobilizazioa abuztuaren 20ko eguerdian.

Aste Nagusiko astelehenean, abuztuak 20, pentsiodunek asteroko aldarriekin jarraituko dute. Manifestazioa Moyua Plazatik abiatuko da 12:00etan, eta Udaletxe aurrean amaitu. Denboraz hasteko, 11:30etan Santander bankuaren aurrean elkartzeko deia zabaldu dute antolatzaileek.

Bilbo Aste Nagusian murgilduta egongo dela baliatuz, manifestazio jendetsua izatea espero dute Bizkaiko pentsiodunek. Gazte zein helduei parte hartzeko gonbitea luzatu diete, “belaunaldi arteko elkartasuna erakusteko”.

Bilboko Konpartsek ere bat egingo dute mobilizazioarekin eta jai kutsua emateko, konpartsetako batukadak eramango dituzte. Gainera, Errioxa eta Asturiaseko pentsiodunak bertaratuko dira.

Orain arte bezala, astelehenero Udaletxe aurrean elkartzen jarraituko dute, jomuga hurrengo data garrantzitsuan jarrita: urriaren lehenean, nagusien nazioarteko egunean, egingo duten manifestazio handian.