Aste Nagusia 2018

"Bilbao eraso sexistarik gabe"

uriola.eus 2018ko abu. 17a, 12:25

Bilboko Aste Nagusia hasteko ordu gutxi falta direla, Bilboko Udalak eraso sexistei buruzko prebentzio eta sentsibilizazio-kanpaina berri bat aurkeztu du, Bilbo, jaietan ere, eraso sexistarik gabeko uri gisa sendotzeko.

Irudi berriaren osagarri, aurkezpenean kanpainarako prestatutako bideo bat eman dute ezagutzera. Horretan Juan Mari Aburto alkatea buru dela uriko pertsonaia ezagun batzuk agertzen dira, pertsona ezezagunekin batera - Itziar Urtasun, Joseba Solozabal, Teresa Abajo, Sandra Atutxa, Esmeralda Herlo, Oihane Bartra, Gurutze Beitia, Lander Otaola, Jone Oliban, Iñaki Williams, Ainhoa Tirapu, Javi Salgado, Aitor Elizegi, Amaia Olabarria, Saioa Dominguez eta Zorion Egileor-, erasoak gaitzesten dituztela eta aurka egiteko prest daudela azaltzeko. Aldi berean errespetuzko eta berdintasunezko harremanen aldeko mezua botatzen dute eta Bilbo eraso sexista guztiak gaitzesten dituen uria dela deklaratzen dute.

Nobedade modura, jai-guneko leku desberdinetan, BILBO ERASO SEXISTARIK GABEKO URIA dela iragarriko da. Gaurtik, eguenez, abuztuak 16, jaietako azken egunera arte, mezu horiek totemetan irakurri ahal izango dira. Horrela, Udalak Bilbo eraso sexistarik gabeko uria dela deklaratu du.

AREATZAKO INFORMAZIO PUNTUA

Non eta jaigunearen erdigunean, Areatzan, Arriaga Antzokiaren aurrean, txurro-dendatik hurbil, berriz ere egongo da karpa bat eta horretan informazio-puntua herritarrek kanpainaren eta, eraso sexista baten biktima edo lekukoa izanez gero, eskura dituzten baliabideen berri eduki dezaten. Informazio-puntua domekatik, abuztuak 19, zapatura, abuztuak 25, egongo da zabalik, 18:00etatik 20:30era.

Informazio-puntu horretan txapak (15000) eskatu ahalko dituzte herritarrek. Txapetan MariJaia haserre ikus daiteke. Gainera, euskaraz eta gaztelaniaz dauden 3000 informazio-gida banatuko dituzte. Gidan eraso sexistak identifikatzeko eta horiei aurrea hartzeko baliabideak zeintzuk diren jakiteko edukiak daude. Horiez gain, eraso sexistak egonez gero, jokatzeko aholkuak ematen ditu neskentzat eta mutilentzat. Gidak bertsio digitaletan ere egongo dira eta dispositibo mugikorretara deskargatu ahalko dira. Frantsesez eta ingelesez ere egongo dira web-orrian.

NOLA JOKATU ERASO BAT EGONEZ GERO

Ekimen berriak aurreko urteetatik datozen akordioei gehitu behar zaizkie. Lehendik dator Aste Nagusian eraso sexualak egonez gero aholkuak emateko eta jokatzeko protokoloa, jaietan parte hartzen duten gizarte-eragile guztien artean zabalduko dena; hau da, Bilboko Konpartsak eta dendari eta ostalari-elkarteen artean zabalduko da protokoloa.

Gainera, Bilboko Udalak, Zazpi Kaleetako, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko, Zabalako, Santutxuko, Txurdinagako, Otxarkoagako eta Bilboren erdialdeko merkatari eta ostalarien elkarteekin elkarlanean, “EZ beti da EZ. NO es NO” lema duten 400.0000 ezpain-paper banatuko ditu.

Horrez gain, denda eta tabernetan 15.000 txartel banatuko dituzte. Horietan erasoak egonez gero, erabil daitezkeen telefono-zenbaki hauek agertzen dira:

  • Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60
  • Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saila: 94 420 48 38