“Chichinabo Cabaret” ikuskizuna Euskalduna Jauregian

uriola.eus 2018ko abuztuaren 21a

Ugaitz Alegria, Irene Bau edota Olatz Ganboa aktoreak biltzen dituen “Chichinabo Cabaret” ikuskizuna Euskalduna Jauregian Abuztuaren 30etik Irailaren 6ra izango da.

Dezepzioa, desilusioa, desengainua, ezustea, frustrazioa: horrelakoak dakartza gogora “Chichinabo Cabaret” obrak. Kabaret honetan hainbat gai aztertzen dira: utopiaren faltsutzea, ordezko errealitateak dakarren asetasun eza eta bete gabeko promesen sedimentu mikatza.
 
Sarkasmo eta umore finez lantzen da hori guztia, gainera.
 
Pabellón 6 antzerki-laborategiak Euskaldunan aurkeztuko du kabaret hori, kabaret “mental, irrizko eta japoniar bat”, zeinak ironia samurrez islatzen baitu zer-nolako arazoak dituzten gaur egungo gazteek lan-munduan sartzeko. Horretarako, langabezian dagoen gazte baten burmuinean sartuko dira, hark bere oroitzapenak eta etorkizuneko asmoak errepasatu ahala, autoestimu arrasto baten bila.
 
Burmuinaren barrenera egindako bidaia bat da honakoa, krisi-garaietan autoestimua berreskuratu nahian, aktore hauen guztien eskutik: Ugaitz Alegria, Irene Bau, Jon Casamayor/Koldo Olabarri, Izaskun Fernández, Quique Gago, Olatz Ganboa, Karmele Larrinaga, Iñaki Maruri, Itxaso Quintana eta Mitxel Santamarina.
 
Uriolak, kabareta ikusteko bi sarrera zozketatuko ditu.