Azken eguna izanagatik, Aste Nagusiko azken igandea jai giroan eta egitarau zabalarekin ospatu dute bilbotarrek. Goizean buztan gisatua prestatu dute Areatzan. Horretaz gain, kalejira, txapa tailerra, ekitaldiak eta denetariko kontzertuak izan dira jai gune osoan zehar.
19:30etan Bilboko Konpartsek elkarretaratzea egin dute Arriaga zubian, ostiral gauean emakume talde batek jasandako eraso sexista eta xenofoboa salatzeko. Kontzentrazioaren amaieran Bilboko Konpartsek Erasotzaileei hortzak erakutsi! izeneko oharra irakurri dute. Bertan, hala argitu dute: "Emakumeek erasoari aurre egin zioten eta haien erantzun ausartari esker erasotzailea identifikatzeko informazio preziatua lortu zuten. Gertatzen ari zenaz jabetu ziren zenbait pertsonek ere esku hartu zuten, eta horrek ere erasoa geldiarazten lagundu zuen."
Iluntzearekin batera bilbotarrek agur esan diote Marijaiari. Deustu Arraun Taldeko pabiloitik ateratako 28 arraunlarik, Zorion Egileoir pregoilariak eta Aixeberri konpartsako Saioa Dominguez txupinerak Marijaia lagundu dute 'Tomatera' ontzi gainean burututako ibilbidean.
Bertaratu direnen artean ikusmina eta zirrara izan dira nagusi. Itsasadarreko ertzetik Agur, Marijaia kantu egin diote Bilboko jaien erreginari, agurrik beroena eskaintzeko.