Aste Nagusia 2018

Jone Artola: "Gu gara bilboko jaiak herrikoiak direla adierazten dugunak"

uriola.eus 2018ko abu. 23a, 20:14

Txupinera Aste Nagusiko ikur garrantzitsuenetarikoa da, gaurkoan batez ere. Bilbotarrek omenaldia egin diete lau hamarkadatan kargu hau bete izan duten emakume guztiei. Horretaz gain, Biziprest eguna, bakailaoa bizkaitar erara eta Ikurriñari omenaldia izan dira eguneko ekitaldi nagusiak.

Txupinera aspaldiko ikurra da Bilbon. Antzina, udal langilea zen txupinera, hirian gertakari aipagarriren bat zegoenean biztanleak ohartarazteaz arduratzen zena, txupinen bitartez. Zeregin honetan emakumeak bakarrik aritzen ziren eta dirudienez, kargua ama eta alaben artean eskualdatzen zen. 

1978. urtean, lehenengo Jai Batzordearen sorrerarekin, pertsonaia honen berreskurapena proposatu zen. Geroztik, txupinera da Aste Nagusian zehar goizero txupina jaurti eta jaiei hasiera emateaz arduratzen dena.

Gaur omenalia egin diete 40 urte hauetan kargua bete izan duten emakumeei. Jantzi gorria armairutik atera eta Areatzan elkartu dira, urtero legez haien eguna ospatzeko.

Eguneko beste protagonista bakailaoa izan da. Areatzan elkartu direnek bizkaitar erara prestatu dute arraina; bihar pil-pil eraren txanda izango da.

Bestalde, gaur Biziprest eguna ospatu dute bilbotarrek, azaroan izango den Euskaraldirako beroketa gisara. Arratsaldean, Ikurriñari omenaldia egin diote Herrialde Katalanetatik etorritako kideekin batera.