Aste Nagusiak 40 urte betetzen dituen honetan, herritarren parte-hartzea "izugarria" izan dela adierazi dute konpartsek: lehiaketa gastronomikoetan orotara 617 lapiko aurkeztu dira, Hiri Krosean 1.915 korrikalarik hartu dute parte eta "5.000 lagunek konpromisoa hartu dute euskaraz urratsak emateko, Euskaraldia sustatzeko eta Aste Nagusia euskaldunagoa bihurtzeko".
Bederatzi eguneko "ospakizun gogoangarria" burutzeko Bilboko Konpartsek 545 ekitaldi antolatu dituzte, adin eta gustu guztientzako. Horien artean azpimarratu dituztenak Konpartsakidetu dinamika eta Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaien jaiotza izan dira, "gurekin geratzeko etorri direnak".
Udalari egindako kritikarik ez da falta izan aurten ere. Aste Nagusi bitartean konpartsakideek salatu bezala, Tomas del Hierro Segurtasuneko Zinegotziari egotzi diote "jai gunea militarizatu duten ehundaka polizia" jartzea. Horregatik, Aste Nagusiko "txarrenari" aipamen egiten dion bandera marroiaren saria Tomas del Hierrori eman zioten larunbatean.
Gainera, "Udalak debeku eta bazterkeria politikoz" kale-zinema eta 40. urteurreneko erakusketa "galbidera" eraman dituela salatu dute; bai eta "nasapuntakoa", "Ibaizabalek kolore oso arraroa baitzeukan hura egin behar zen egunean".
Bestalde, Udalak txupinera eta pregoilarien irudiak Bilbao Balioen Hiria marketin kanpainarako erabili izana arbuiatu dute konpartsek: "Balio etiko gutxi adierazten du jai ikonoak nahierara erabiltzea eta merkantilizatzea".
EH Bilduk ere oharra igorri du Bilboko Konpartsek "jai herrikoi, parte-hartzaile eta parekideak" lortzeko egindako lana goraipatuz. Oharrean udal taldeak eraso sexisten aurkako "neurri errealak" eskatu ditu, indarkeria matxistaren aurkako politikak "urte osoan" landu behar direla gogoraraztearekin batera. Azkenik, koalizioak salatu du "Udalak azpiegitura publikoen bitartez zezenketak sustatzea diru publikoz erosten diren sarrerekin".