Arrazakeriaren aurkako futbol txapelketa

uriola.eus 2018ko abu. 28a, 11:05

II. mundialito mixtoa. Argazkiak: Sare Antifaxista

Irailaren lehenean, larunbata, Futbol & Reggae jaialdia ospatuko dute Karmelan. Bilboko arrazakeriaren aurkako III. 'mundialito' mixtoa izango da aurtengoa eta lortutako dirua Bilboko harrera auzoak laguntzeko zuzenduko da.

Arrazakeriaren aurkako 'mundialito' mixtoak III. edizioa ospatuko du irailaren lehenean Karmelan (Fika, 44 - Santutxu). Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, aurtengo data aurreratu egin da Karmelan lo egiten ari diren migratzaileekin bat egin eta elkartasuna adierazteko. Gainera, lortutako dirua Bilboko harrera auzoak laguntzeko zuzenduko da, oraingoz Santutxu.

Hainbat kolektibok hartzen dute parte ekimenean: Bilbo Reggae Skins, SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Zanafrik Elkartea, Mugimendu Panafrikanista, Mbolo Moye Doole, Txirbilenea Kulturgunea, Pantx Records eta Kaikoo Studio.

Irailaren lehenerako, larunbata, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean goiz izen ematea eta gosaria izango dira, eta segituan futbolean jokatzen hasiko dira bertaratzen diren guztiak. Bazkalostean semifinalak eta finalak jokatuko dituzte baloiarekin hoberen moldatzen direnek.

Bizkaiko federazioko epaile emakumeak arduratuko dira partidak zuzentzeaz, eta egun osoan zehar reggae musika izango da jaialdia girotzen Pantx Official Selectorsen eskutik.

Izen ematea (doan) eta info+: bilboreggaeskins@gmail.com eta Bilbo Reggae Skins